Spínola, António Sebastião Ribeiro de
Portugaldar militarra eta politikaria (Santo André, Estremoz, 1910 - Lisboa, 1996). Zalduneriako alferez gisa bukatu zituen militar ikasketak, eta Guardia Nazional Errepublikanoan (GNR) eta Azore uharteetan zerbitzatu zuen. 1961-1963 bitartean Angolan izan zen. Handik itzultzean Zalduneriako zuzendari izendatu zuten, eta GNRko komandanteorde. 1968an Ginea Portugaldarreko (Ginea Bissau, gaur egun), gobernadore eta komandante nagusi izendatu zuten. 1973an itzuli zen Portugalera, eta gudarosteko Estatu Nagusiko buruorde izendatu zuten (1974). Hala ere, berehala kendu zuten kargutik, Portugal e o Futuro liburuan Portugalgo kolonientzat irtenbide politikoa aldarrikatzeagatik. Handik gutxira, 1974ko apirilaren 25ean, Krabelinen Iraultza deituan, “Kapitainen Mugimendu” deituak Marcelo Caetanoren gobernua erorarazi zuen. Gudarosteen Mugimenduak hartu zuen aginpidea, eta Nazioaren Salbaziorako Batzorde bat eratu zuen, Spínolaren lehendakaritzapean. Batzordeak Spínola bera izendatu zuen Portugaleko Errepublikaren lehen lehendakari. Aginpidean izan zen lau hilabeteetan Gudarosteen Mugimenduaren babesa izan zuen, baina gainerako guztiak aurka izan zituen, botere guztia biltzen saiatu zelako. Uztailaren 27an koloniak burujabe izateko eskubidea ezagutu zuen. Portugalen COPCON (Kontinenteko Operazio Komandoa) sortu zen, Otelo Saraiva de Carvalho jeneralaren zuzendaritzapean, Gudarosteen Mugimendua defendatzeko, baina baita herri mugimenduak defendatzeko ere, ezkerreko sektoreen gorakadaren seinale. Vasco Gonçalves, komunista, Lehen ministro izendatu zutenean, bere karguaren dimisioa eman zuen. Aginpidea indarrez hartzen ahalegindu zen, baina huts egin zuen, eta Espainiara erbesteratu zen lehenbizi, eta Brasila gero; han Portugalen Askapenerako Mugimendu Demokratikoa sortu zuen. Urte hartako azaroan Portugalera itzuli ahal izan zen, eta gudarosteko erreserban gelditu zen. 1981ean mariskal izendatu zuten. Gai politiko-militarreko zenbait liburu idatzi zituen.
- Sperry, Roger Wolcott
- Spielberg, Steven
- Spielhagen, Friedrich
- spin
- Spinola, Ambrogio di (Sestoko dukea eta Balbases-ko lehen markesa)
- Spínola, António Sebastião Ribeiro de
- Spinoza, Baruch
- Spitteler, Carl
- Spitz, Mark
- Spitzberg
- Split