Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spielhagen, Friedrich

Alemaniar idazlea (Magdeburg, 1829 - Berlin, 1911). Haren lehenengo liburuak Problematische Naturen (1861, Izaeraren arazoak) arrakasta handia izan zuen; eleberri hartan erabili zituen baliabide nagusiak, misterioari eusteko trebetasuna, ohituren deskripzioa eta gizalegearen idealismoa, gerora argitaratu zituen obra guztien ezaugarri izan ziren. Spielhagen-en eleberrien balio nagusia, hala ere, historikoa da bereziki, XIX. mende bukaerako burgesia alemanaren bizitza maisutasunez islaturik agertzen baita bere liburuetan. Speilhagen-en liburu nagusiak: Hammer und Amboss (1869, Mailua eta ingudea), Sturmflut (1877, Enbata), Beiträge zur Theorie und Technik des Romans (1883, Eleberriaren teknika eta teoria), eta Neue Beiträge zur Theorie und Technik der Epik und Dramatik (1898, Epopeiaren eta dramaren teoria eta teknika), besteak beste.