Sperber, Manès
Frantses filosofoa, soziologoa eta idazlea (Zablotov, Polonia, 1905 - Paris, 1984). Lehen Mundu Gerraren hasieran, Vienara joan zen bizitzera bere familiarekin, eta han hasi zen filosofia ikasten eta marxismora hurbiltzen. Judu gazteen organizazioetan aritu zen lanean lehenbizi, eta alderdi komunistan ondoren. 1937an alderdia utzi eta totalitarismoaren kontrako borroka hasi zuen. Teoriari dagokionez, bere inspirazioak zerikusi handia du Alfred Adler-ekin. 1926an hari eskaini zion bere lehenengo saiakera, Alfred Adler, l'homme et sa théorie (Alfred Adler, gizona eta bere teoria). 1927. urteaz geroztik filosofia eta soziologia ikasi zuen Berlinen, baina juduen kontrako esetsaldiak zirela-eta Parisa ihes egin behar izan zuen (1934). Sperber-en lanak hiru atal ditu: psikologia eta filosofia saiakerak, ideologia totalitarioen kontra egiten dutenak, hala nola Analyse de la tyrannie (1938, Tiranokeriaren analisia), Sept questions sur la violence (1972, Indarkeriari buruzko zazpi auzi); eleberriak, Qu'une larme dans l'océan (1961, Malko bat ozeanoan, trilogia), Les Porteurs d'eau (1974, Ur eramaileak), Le Pont inachevé (1975, Zubi bukatu gabea), Au-delà de l'oubli (1977, Ahanzturatik haratago) autobiografiak, haurtzarotik 1948. urtea bitarteko aldia hartzen dutenak.