Smithson, Peter
Britainiar arkitektoa (Stockton On Tees, Ingalaterra, 1923). Durhamgo Unibertsitatean eta Londresko Errege Akademian egin zituen arkitektura ikasketak, eta 1950ean eskuratu zuen titulua, Country Concil School Division eskolan. Harrezkero Allison Margaret Gill bere emaztearekin batera lan egin du. Oro har, 1950eko hamarraldi amaierako eta 1960ko hamarraldi hasierako neobrutalismo joeraren baitako artista gisa hartuak dira, Henderson eskultorearekin eta Paolozzi argazkilariarekin batera. 1950eko hasierako lanetan aipagarria dute Norfolkeko Bigarren Hezkuntzako Hunsantongo Eskolaren lehiaketarako proiektua (1949-1954), Mies van der Roheren estilo garbizaleari jarraituz osatua, zeinetan agertzen baitira neobrutalismo mugimenduaren oinarriak: egitura eta eraikuntza osagaien artikulazio ahalik eta adierazgarriena lortzeko kezka, adibidez. Joera horri jarraitu zioten 1952an egindako Sohoko etxebizitzetan. Harrezkero, arkitektura molde berrizaleak erabili zituzten, adibidez Coventryko katedralean (1957), Londresko Golden Laneko etxebizitzetan (1952), etab. Golden Lanen, Le Corbusierren eta haren hiria egituratzeko etxebizitza, lana, aisia eta garraioa oinarri hartzearen kontra egon ziren, eta, horien ordez, etxea, kalea, barrutia eta hiria proposatu zituzten. Lan aipagarriak egin dituzte, besteak beste, 1953ko Arkitektura Modernoko Nazioarteko Biltzarrean, 1956ko Hau da bihar erakusketan, urte hartan bertan Daily mail ideal Home exhibition erakusketan eta Arkitektura Modernoko Nazioarteko Biltzarrean, zeinetatik atera baitzen Team X taldea (van Eyck, Jakob Bakema, George Candilis, Shadrach Woods, John Voelcker, Willian eta Jill Howell eta A+P Smithson). 1965ean Londresko Economist bulego-eraikina egin zuten, Ingalaterran monumentuen babeserako legeak bere baitan hartu zuen arkitektura modernoko lehen obra. Smithson senar-emazteek garrantzizko lana egin dute, halaber, hirigintzaren alorrean, eta beren teoriak zabaltzeko hainbat liburu eta artikulu eman dituzte argitara.