Smith, Michael
Kanadar kimikaria, jatorriz britainiarra (Blackpool, Ingalaterra, 1932 – Kanada, 2000). Familia apal batean sortu zen, baina beka batekin Arnold School eskola pribatuan sartu zen, eta gerora ohorezko kimikako egitasmoan sartu zen Manchesterko Unibertsitatean. 1953an graduatu zen eta handik hiru urtera eskuratu zuen doktoregoa. 1956an bertan Vancouverrera aldatu zen, Gobind Khorana zientzialariak erakarrita, eta Khoranaren lan alorra biologiako molekula garrantzitsua zenez eta hura ez zen arren Smithen lan alorra, horretan trebatu zen haren laborategian; zelularen jarduera genetikoan eragina duten, eta horrenbestez, biologian garrantzi handia duten molekula handien sintesiaren inguruko lanak egiten hasi zen. 1960ko hamarraldiaren hasieran tarte labur batez Estatu Batuetan egon ondoren Kanadara itzuli zen berriro. 1966an Vancouverko Unibertsitatean hasi zen ikerketak egiten, eta Kanadako hiritartasuna hartu zuen. 1971-1972 urteetan Ingalaterrako Cambridge Unibertsitateko biologia molekularreko laborategian jardun zuen. Garrantzi handiko ikerketak egin zituen han, izan ere, ordu arte zientzialariek uste izan zuten ezin zela gene baten baitan aurrez erabakitako mutaziorik sortu; azido desoxirribonukleikoan mutazioak eragin ditzaketen eragileen bidez zenbait eragiketa egin zitekeela bazekiten, baina Smithek metodo bat asmatu zuen, geneen bertsio eraldatuak xehetasun eta lastertasun handiz sortzeko aukera ematen zuena, eta metodo hori funtsezkoa izan da, automatizazioari esker, ingeniaritza genetikoan. 1993an, Kimikako Nobel saria eskuratu zuen lan horiei esker, Kary B. Mullisekin batera.