Smith, Patti
Estatubatuar rock abeslari, musikagile eta idazlea (Chicago, 1946). 1969an New Yorkera aldatu zen eta kazetari eta antzezle gisa lan egin zuen bertan, eta olerkigintzan ere nabarmendu zen; 1970eko hamarraldiaren hasieran ezaguna egin zen New Yorkeko artista eta intelektualen artean. Zenbait talderentzat abestiak idazten jardun ondoren, bere taldea sortu zuen, eta 1975ean Horses diskoa eman zuen argitara. Bere ahots zakar eta adierazkotasun handikoarekin, bere baladekin eta energiaz beteriko rock musikarekin ospe handia lortu zuen eta punk rock higikundeko artista ezagunenetakoa izan zen. 1976an Radio Ethiopia diskoa atera zuen, handik bi urtera Easter, eta 1979an Wave. 1980an bertan behera utzi zuen musikaren mundua, baina 1988an itzuli zen berriro, Dream of Life diskoarekin. Lan hura argitara eman ondoren berriro erretiratu zen, harik eta 1996an Gone Again aurkeztu zuen arte.