Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sixto

Bost Aita Santuren izena.  v  Sixto I.a santua. Zazpigarren Aita santua, 115-125 urteetan (Erroman hila, 125ean). Ez da haren bizitzaren eta jardueraren berri zehatzik.  v  Jaieguna, apirilaren 6a.  v  Sixto II.a santua. 24. Aita Santua, 257-258 urteetan (Grezia, ? - Erroma, 258). Erromako eta Kartagoko elizen arteko bakea lortu zuen. Valerianoren esetsaldian hil zuten, Pretexta-ko katakonbatan.  v  Jaieguna, abuztuaren 5a.  v  Sixto III.a santua. 44. Aita Santua, 432-440 urteetan (Erroma, 360 inguruan - Erroma, 440). Pelagiamismoaren auzia gainditzen eta Efesoko Kontzilioak Nestorioren aurka hartutako erabakia berretsi zuen Halaber, Konstantinoplaren eskaerari aurre eginez, Iliria Erromarentzat aldarrikatu zuen. Erromako zenbait elizaren zaharberritzea eragin zuen.  v  Jaieguna, martxoaren 28a.  v  Sixto IV. (Jaiotza izenaz Francesco della Rovere). 210. Aita Santua, 1471-1484 urteetan (Savona ondoan, 1414 - Erroma, 1484). Frantziskotarra zen eta bere ordenako buru izan zen 1464-1469 urteetan. Bere nepotismoa nabarmena izan zen. Medicitarren eta Florentziaren aurkako gerran esku hartu zen (1478-1480), Pazzi familiak Julian Medicikoa Florentziako katedralean hil zezan utzi zuenean. Halaber, Napoliren (1482) eta Veneziaren (1483-1484) aurkako gerra egin zuen. 1476an Ama Birjina Sortzez Garbiaren jaia ospatu zuen Erroman. 1478an Inkisizioa Espainian jardutea onartu zuen, eta Torquemada kardinala jarri zuen erakundearen buru. Vatikanoko liburutegia hornitu zuen, eta Erroman obra handiak eragin zituen; horien artean aipagarriena Sixtoren Kapera edo Kapera Sixtina da.  v  Sixto V. (Jaiotza izenaz Felice Peretti). 225. Aita Santua, 1585-1590 bitartean (Grottammare, 1520 - Erroma, 1590). Frantziskotarra, Veneziako Inkisizioaren kontseilaria (1556-1560) eta kardinala (1570) izan zen. Erromako kuria berriro antolatu zuen (1588), kardinalen kopurua 70etan finkatu eta Elizaren gobernua hamabost kongregazioren esku utzi zuen; apezpikuen eta elizgizonen diziplina begiraleen bidez kontrolatu zuen; Vatikanoko inprimategia sortu zuen eta Vulgata-ren argitalpena bultzatu zuen, lanetan berak ere parte hartuz (1590). Frantziako erresuma protestante batek eskura zezan ezin eramanez, Frantziako Henrike IV.a (Nafarroako Henrike III.a) eskumikatu zuen. Armada Garaitezina finantzatzeko laguntza eman zuen. Erroman obra handiak eginarazi zituen, hiriko ur hornidura, besteren artean.