Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sizilia

Italiako uhartea, Mediterraneo itsasoko handiena eta jendetsuena. Sizilia, Egadi, Lipari, Pelagie eta Panteleria uharteekin batera, Italiako lurralde autonomoa da. 25.709 km2 eta 5.172.785 biztanle (1990). Hiriburua: Palermo. Hiri nagusiak: Siracusa, Messina, Catania eta Palermo. Messinako itsasarteak (10-16 km-ko zabalera) bereizten du penintsulatik. Europako sumendirik handiena dago han, Etna (3.261 m) eta lurralde menditsua da; lurrikarak eta sumendi leherketak izateko arriskua du. Ekialdeko Catalina ibar zabal eta oparoa du. Klima Mediterraneokoa du. Landaredia urritu egin da azken mendean, eta basoak lurraldearen % 4 besterik ez du hartzen. Ekonomia jarduera nagusiak petrolio findegiak, kimika industria, janari industria, gatza, ardogintza, oihalgintza eta ontziolak dira. Nekazaritzak garrantzi handia du (garia, garagarra, artoa, olibak, limoiak, mahatsa eta kotoia).  v  Historia. K.a. VIII. mendean feniziarrek eta greziarrek hartu zuten uhartea. K.a. III. mendean erromatarren probintzia bihurtu zen. Erdi Aroan bandaloek, ostrogodoek, bizantziarrek, arabiarrek eta, XI. mendean, normandiarrek menderatu zuten uhartea. XVIII. mendean borboitarren mende egon zen. XIX. mendean higikunde iraultzaileak sortu ziren han: 1860an Garibaldiren iraultzaren ondorioz, Sizilia borboitarren mendetik aske geratu zen eta ondorengo urteetan Italiako erreinuarekin bat egin zuen. 1947an autonomia lortu zuen.  v  XVIII. mendean Mafia taldeak sortu ziren, gaur egun ere indar handia dutenak.