Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siena

Italiako hiria, Toscanan, izen bereko probintziako (3.821 km2 eta 257.715 biztanle) hiriburua. 59.225 biztanle (1987). Salerosketa eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Erdi Aroko eraikuntza asko gorde dira; besteak beste, aipagarriak dira katedrala, San Domenicoren eliza eta XIII. eta XIV. mendeetako jauregiak.  v  Etruriarren hiri izan zen lehenik eta erromatarren mendeko kolonia geroago. 800. urtean Karlomagnok menderatu zuen; XII. mendean errepublika gibelino burujabe bihurtu zen. XII. mendetik XIII.aren amaiera arte garrantzi handiko salerosketa eta finantza gunea izan zen. Florentziaren kontra borrokatu zen Florentzia guelfoa baitzen eta Sienarekiko nagusitasuna lortu nahi baitzuen; 1260an Florentziaren kontra garaipena lortu zuen baina Karlos Anjoukoak, Florentziaren aldeko zenak, Sienari eraso eta menderatu zuen. 1298an Sienaren gainbehera hasi zen krisi ekonomikoaren (1298an Buognasori Sienako familia aberatsenak hondoa jo zuen eta ekonomian nahasmendu handia sortu zen) eta 1348an izurri beltzak sortu zuen hondamendiaren ondorioz. 1487-1512 bitartean Pandolfo Petrucci tiranoaren mendean izan zen harik eta 1524an Espainiako Karlos V.aren esku gelditu zen arte; espainiarrek 1557ean Kosme I.a Medicikoaren esku utzi zuten eta Toscanaren parte bihurtu zen. 1861ean Toscanako gainerako lurrekin batera Italiako erreinuan sartu zen. XIII. mendearen bukaeran eta XIV.aren hasieran, hiriaren gainbehera hasi zenean, Sienan arteak indar handia hartu zuen, pinturak bereziki; aipagarriak dira besteren artean, Duccio, Martini eta Lorenzetti margolariak, bizantziar estiloan oinarritu eta gotikoaren ezaugarri nagusiak (argiaren eta kolorearen erabilera) landu zituztenak.