Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siemens

Alemaniar konpainia, 1966. urtean sortua, zenbait konpainiak bat eginda. Zerbitzuetan espezializatua dago, eta zenbait sailetan banatua: osagai elektriko eta elektronikoak, ordenagailuak, mikrouhinak, mediku ingeniaritza, instalazio elektrikoak eta telekomunikazioak. Konpainiaren bulego nagusia Munichen dago. Munduko hogeita hamabost herrialdetan ditu lantegiak, eta 125 herrialdetara zabaltzen da haren jarduna. Johann Georg Halske Siemens-ek (1814-1890) 1847an zabaldu zuen bere lehenengo lantegia (Siemens & Halske), instalazio telegrafikoak egiteko. 1855ean enpresaren adar bat zabaldu zuen San Petersburgon, errusiar sarerako, eta beste bat Londresen, Ingalaterrako komunikazioetarako. Gero, dinamoak, kableak, telefonoak, argindarra, eta Industria Iraultzaren ondoren beharrezkoa gertatu zen bestelako teknologia fabrikatzen hasi zen. 1903an Siemens & Halske konpainiak beste konpainia batera aldatu zuen ingeniaritza elektrikoko bere jarduera, Siemens-Schuckertwerke konpainiara, hain zuzen. 1932an, bi konpainien arteko zazpi urteko elkarlanaren ondoren, beste konpainia batek, Reiniger Gebbert & Schall-ek, medikuntza diagnostikorako X izpiko tresnerietan eta mikroskopiko elektronikoetan espezializatua, bat egin zuen aurreko biekin. Siemens-en Etxea, hala izena baituzen elkarte berriak, berehala zabaldu zen III. Reicharen garaian (1933-1945). Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Siemens-en Etxea Mendebaldeko Alemaniatik Europa osora zabaldu zen, eta 1960ko urteetan, mundu osora, munduko konpainia elektriko handienetako bat bihurtzeraino. 1966an hura osatzen zuten konpainia guztiak izen bakarraren azpian elkartu ziren: Siemens AG.