Shoemaker, Eugene
Estatubatuar astrofisikaria eta geologoa (Los Angeles, 1928 - 1997). Ikasketak Kaliforniako teknologia Institutuan egin zituen, Pasadenan, eta ondoren Princeton-eko Unibertsitatean aritu zen. Azken horretan lortu zuen doktoregoa 1960an. Ospetsu egin zen tektonika, bulkanologia eta geokimikan, baina batez ere Coloradoko goi-ordokiari buruz egin zuen azterketa zehatzagatik nabarmendu zen. Lurreko eta ilargiko kraterrei buruz zituen ezagutzei esker, zientzialariak konbentzitu zituen Arizonako Meteor Crater ospetsua asteroide baten talkak sortu zuela. Astronauta izan nahi zuen, baina test fisikoak eskasak izan zituen. Luzaroan lan egin zuen N.A.S.Arekin Apolo proiektuan, eta Astrogeologia Zentroa sortu zuen. 1969-1989 urteen bitartean Caltech-eko irakasle izan zen. Garrantzi handiko oinarriak azaldu zituen eguzki sistema hobeto ezagutzeko. Carolyn emaztearekin urte askotan Schmidt teleskopioa erabili zuen asteroideak eta kometak bilatzeko: hogeita zortzi kometa aurkitu zituen, eta hamarka asteroide. Asteroideek lurrean izandako talkak aztertzen eman zituen azken urteak.