Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

shogun

iz. Japonia 1192tik 1868ra gobernatu zuten diktadore militarren titulua. v Historia. Hasieran, VIII. mendean Honshu uharteko ainuen aurka borrokatzen zen gudaroste inperialeko jeneral nagusia zen shoguna. XII. mendetik harat, alabaina, aginpidea legez Kioto-ko enperadoreari bazegokion ere, Japoniaren izaera feudala zela eta, indar militarra bere esku zuen shogun-ak erresuma osoa zuen bere mende. Hala, 1185ean Minamoto Yoritomo-k 1792an shogun titulua beretu eta lehen shogun erregimena ezarri zuen Kamakura-n, funtzio militarrak, judizialak eta administratiboak hara biltzen zituena; haren mendeko gobernari militarrak ezarri zituen probintzien buru, eta administrariak probintziak zatitu ziren lurralde txikiagoetan. Kargua leinu gutxi batzuen esku izan zen: Minamoto (1192-1333) Kamakura-n; Ashikaga (1338-1597) Muromachi-n; Tokugawa (1603-1867) Edo-n. Yoshinobu-k, Tokugawa leinuko azken shogun-ak, Meiji enperadoreari itzuli behar izan zion administrazio zibilaren eta militarraren kontrola, eta hala shogun erregimena desagertu zen.