sexualitate
iz. Sexu senari eta hura betetzeari dagozkien jokabideen multzoa. v Sexu organoen eginkizunari (heldutasun sexualari, beraz) lotu zaio luzaroan sexualitatea, baina Freudek, bere ikerketen ondorioz, bestelako oinarri batzuk ezarri zituen sexualitatea aztertzeko: a) Sexu bizitza ez da nerabe aroan hasten, jaiotzetik denbora laburrera baizik. b) Sexu senak ez du, nahitaez eta beti, beste sexukoengana jotzen, sen hori sexu berekoenganakoa, norbereganakoa edota animalienganakoa ere izan baitaiteke. c) Sexualitatea (sexuari dagokiona, alegia) eta sexu organoei lotutako jarduera ez dira gauza bat eta bera, zabalagoa baita sexualitatearen esparrua sexu organoen jarduerari dagokiona baino. d) Bizitza sexuala, berez, atseginari lotua da. Sexualitatearen muinean, hortaz, atseginaren bilaketa dago, eta ez ugaltzea (bigarren hau beste haren ondorio fisiologikoa, eta ez ezinbestekoa baino ez baita).