Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Servet

edo Serveto, Miguel. Espainiar teologo, filosofo eta sendagilea (Villanueva de Sijena, Huesca, 1509 edo 1511 - Geneva, 1553). Aragoiko notario baten semea zen. Tuteran sortua eta nafarra zela zabaldu zuen Frantzia aldera joan zenean ikastera, herritartasun arazorik ez izateko. Juan de Quintana Karlos V.aren aitorlearen zerbitzaria izan zen mutikotan, eta Okzitaniako Tolosan egin zituen zuzenbide ikasketak 1528-1529 bitartean. Quintanaren zerbitzuan hasi zen berriro eta harekin ibili zen Italian (1530, Karlos V.aren enperadore koroatzea) eta Alemanian (Augsburgoko dieta) barrena. Melanchthon eta Lutero ezagutu zituen bidaia hartan, eta erreformaren alde jarri zen. Basilean hartu zuen bizilekua eta 1531. urtean idatzi zuen lehen liburua, De Trinitatis erroribus, Zwingli-ren aurka. Hartutako mehatxuak zirela eta, Frantzia aldera jo behar izan zuen eta, Lyonen finkatu ondoren, geografia landu zuen, Ptolomeorena bereziki (1535, Ptolomaei geographicae enarrationis libri octo). Champier izeneko mediku ospetsu bat ezagutu zuen han eta Parisa jo zuen ondoren, harekin hartutako ikasiei jarraia eman nahirik. Biriketako odol zirkulazioa aurkitu zuen. Hala ere, aurkikuntza hari halako garrantzirik eman gabe, astrologia ikerketetan murgildu zen (1537, Apologetica disceptatio pro astrologia) eta inoiz utzi ez zituen teologia auzietara itzuli zen, Kalbino ezagutu ondoren. Bien arteko giroa txarra izan zuten beti, auzi-mauzitan ibili baitziren etengabe. 1541. urtean Vienne Dauphiné-ko hirira joan zen eta frantses herritar egin zen. 1552-1553 urteetan Christianismi restitutio, bere teologia liburu nagusia, idatzi zuen; Hirutasunaren dogmaren aurka jo zuen liburu hartan, nolabaiteko panteismo baten alde. 1553ko martxoan, liburua argitaratu ondoren, Kalbinoren ordezkari batek salatu eta preso hartu zuten Vienne-ko hirian. Epaitu eta hiltzera kondenatu zuen Inkisizioak heretikotzat salaturik. Ihes egin zuen kartzelatik, baina urte bereko abuztuan atxilotu zuten Genevako hirian eta, Kalbinoren eraginez, epaitu eta egun berean hil zuten sutan. Miguel Servet izan zen katolikoen eta erreformazaleen onarpenez hiltzera kondenatu zuten lehen pentsalari kristaua.