Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sequoyah

edo Sequoia. (George Gist ere deitua). Txeroki hizkuntzaren idazketa sistemaren sortzailea (Taskigi, egungo Ipar Carolina, 1760 - San Fernando, Mexiko, 1843). Aita, Nathaniel Gist, ingelesa zuen, baina ama txerokia zen, eta hark hezi zuen. Ez zuen inoiz ingelesez ikasi. Haren ustetan, idazkerari esker ziren nagusi zuriak, eta 1809. urtean txeroki hizkuntzaren alfabetoa eta idazketa hasi zen lantzen. Alfabeto silabiko bat egituratu zuen eta hartarako txeroki tradizioan oinarrituriko piktogramak eta ingeles, greko eta hebrear alfabetoetako letrak ere hartu zituen. 1821. urtean 86 ikurreko alfabeto bat aurkeztu zuen eta, txerokiek onartu ondoren, idazketa horretan hasi ziren txeroki haurrak ikasten, eta liburuak eta gazetak argitaratu zituzten; txeroki kulturari abantaila handiak ekarri zizkion idazketa molde hark.