Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Serbia

(Izen ofiziala, Serbiako Errepublika; serbo-kroazieraz, Republika Srbija). Balkanetako penintsulako herrialdea, Europako hego-ekialdean. Jugoslavia zena desegitetik sortu diren sei estatuetatik bat. Hiru lurraldek osatzen dute Serbia: Kosovoko probintzia, Vojvodinako probintziak eta Erdialdeko Serbiak. 88.361 km2 eta 5.744.000 biztanle (1993, serbiarrak); Vojvodina eta Kosovo eskualdeak barne 88.361 km2 eta 11.206.847 biztanle (2008). Mugak: ipar-ekialdean, Bulgaria eta Errumania; hegoaldean, Mazedonia eta Albania; mendebalean, Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroazia, eta iparraldean, Hungaria. Hiriburua: Belgrad (1.576.124 biztanle, 2002). Hizkuntzak: serbokroaziera, albaniera, hungariera, romania. Etniak: albaniarrak, bosniarrak, ijitoak, kroaziarrak, eslovakiarrak, bulgariarrak, errumaniarrak. Erlijioak: kristau ortodoxoa, musulmana eta katolikoa, protestantea eta judua.  v  Lurraldea. Orografiaren aldetik bi eskualdetan bereizten da Serbia: hegoaldea menditsua da: Dinarako Alpe mendiak mendebalean, Sar mendiak hego-mendebalean eta Balkan mendiak ekialdean. Iparraldea, berriz, Belgrad inguruko eskualdea, eta Vojvodina osoa ordokiak dira. Danubio ibaia eta horren adarrak (Tisa eta Morava) igarotzen dira Serbiatik. Klima kontinentala da, neguan oso hotza goialdeetan (-38 °C egin dezake), eta udan nahiko beroa, 38° C gehienera. Euri asko egiten du urte osoan.  v  Ekonomia. Vojvodina eta Serbia eskualdeek nahiko ekonomia aurreratua dute, nahiz Jusgoslaviako gerraz geroztik, NBE-en blokeoaren ondorioz, enpresen % 10 baino ari ez den normaltasunez lanean, eta langileen erdia lanik gabe dagoen. Kosovo eskualdeak, berriz, ekonomia atzeratu samarra du; ikatz-meategiak dira aberatsak, Serbiako handienak. Vojvodinako zelaiak nekazaritzako oso egokiak eta emankorrak dira; artoa lantzen da batez ere. Hala ere, Serbiako ekonomian garrantzi handiena meagintzak (lignitoa, kobrea, antimonioa) eta eskulanek dute. Industrian makineria, nekazaritzako tresneria, papera, kristala, ehunak eta kimika gaiak lantzen dira. Urezko energia iturriak laguntza handia eskaini dio Morava eta Danubio ibaien haranetako industriari. Burdinbide nagusiak Belgrad Nis-ekin eta Vranje-rekin (hegoaldea) lotzen duena, Belgrad Subotica-rekin lotzen duena eta Belgradetik Montenegrora doana dira.  v  Historia. Bi aldi nagusitan bereiz daiteke Serbiako historia: Erdi Aroa eta otomandarren mende eman zuen garaia, eta burujabetasuna lortu ondorengoa.  v  Gaurko Serbiako eskualdea osatzen duten lurraldeetan iliriarrak, traziarrak eta zeltak bizi ziren erromatarrak sartu zirenean (K.a. II. mendean). VI. mendean herri eslaviarrak hasi ziren sartzen eta bertan bizilekua hartzen. Haien mende jarri nahi ez zutenak mendietara edo eslaviarren eskua iristen ez zen haranetara jo zuten, eta lurraldeka jupa-tan antolatu ziren, leinu-elkarteetan alegia. Elkarte zabalagoetan, rasca-tan, bateratzen ziren, tarteka itzal handiko buruzagiren bat, Vlastimir-en (850), Ceslav printzearen (930-960) edo Voïslav printzearen gisako jupan bat sortzen zenean, eta estatu moduko batzuk antolatu ziren, baina betiere aldian aldiko auzoko inperioen mende egon behar izan zuten, bulgariarraren mende (893-927), mazedoniar-bulgariarren mende (XI. mendearen hasieran) edo bizantziarren mende. IX. mendean sartu ziren eslaviar liturgia eta ziriliar alfabetoa. 1159an, Esteban Nemanja jupan handiak bizantziarren agindupetik atera zuen Serbia, baina Erdi Aroko goren aldia 1331-1355 bitartean iritsi zuen Esteban IX.a Dusan-ekin. 1346an Pec-eko (Hungaria) artzapezpikuak serbiarren eta greziarren enperadore izendatu zuen Sklopje-n (Mazedonia). 1389an, Kosovoko gatazka galdu ondoren, turkiarren mende geratu zen Serbia guztia, printzerri bat izan ezik, eta lau mendez erabat otomarren mende egon zen, XVII. mendeaz gero haïduk-en edo legez kanpora jartzen zirenen hainbat matxinada izan zen arren.  v  Burujabetasunaren aldeko matxinadak 1804an hasi ziren. XVIII. mende bukaerako inperio otomandarraren gogorkeriarekin ernegaturik, haren beheraldiaz, eta Errusia ortodoxoen alde jarri zela baliatuz, hasi zen matxinada, Karageorges edo Jorge Beltza, zerri-tratuan aberastutako nekazaria buru izan zuela. Belgrad eta Smederevo hartu ere egin zituzten matxinatuek, baina 1812an, Napoleonen aurkako gerrarekin, Errusiaren laguntza galdu zutenean matxinadak ere porrot egin zuen. 1815ean berriz ekin zioten matxinadari eta 1817an turkiarrek Morava ibaiaren behealdeko ibarrean printzerri autonomoa onartu zuten, zergak pagatzearen eta turkiar gudaroste batzuk han geratzearen truke; matxinada horien buruzagi izan zen Milos Obrenovic printze hautatu zuten batzar batean. Serbiako mugei eta printzearen oinordekotza eskubideari buruz hainbat tirabira izan ondoren, eta zenbait matxinadari esker, Serbia autonomoaren mugak hedatuz joan ziren, eta azkenik, 1876an, gerra deklaratu zion Turkiari. Errusiak hartan eskaini zion laguntzari esker, Serbia estatu burujabe gisa ezagutu behar izan zuen Turkiak, Berlingo batzarrean (1878). 1918an serbiarrak, kroaziarrak eta esloveniarrak erresuma batean elkartu ziren, Jugoslaviako erresuman. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrak Serbia okupatu zuten, eta Kroazia erresuma burujabe bihurtu. Gerraren bukaeran, herri fronteak, sobietar gudarostearen laguntzarekin, Belgrad hartu zuenean, orduan errege zegoen Petri II.ak erbestera joan behar izan zuen eta gobernu berri bat osatu zen Jugoslavian, Tito buru zuena. 1945ean, ezkerreko herri fronteak irabazi zituen hauteskundeak eta Jugoslavia errepublika deklaratu zuten. 1989an, Slobodan Milosevic izendatu zuten lehendakari. Haren agintaldian, izugarri areagotu zen serbiar nazionalismoa eta gutxiengoen eskubideen kaltetan; Kosovori autonomia ahalmen guztia kendu zion; bestalde, konstituzioa aldatu zuen lehendakariak aginte handiagoa izan zen. 1991n Eslovenia, Kroazia, Mazedonia eta Bosnia-Herzegovina Jugoslaviatik bereizi eta burujabe bihurtu ziren. Bosnia-Herzegovinako serbiarrek, ordea, ez zuten lurralde hori burujabe bihurtzerik onartu, eta gobernuaren aurka gerran hasi ziren.  v  1992an, Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedonia bereizi ondoren, Jugoslaviako Errepublika Federala eratu zen, Serbiak eta Montenegrok osatua. 1992ko hauteskundeetan, Milosevic aukeratu zuten berriz ere lehendakari. Milosevicen agintaldia gero eta autoritarioagoa bihurtu zen eta bere agindupean Serbiak izan zituen hiru gerretan Milosevicen aginduz egindako sarraskiek, hilketek eta giza eskubideen aurkako urraketek gaitzespen handia ekarri zioten nazioartean. Gerrako urte horietan (ik. Bosniako gerra), enbargoa ezarri zitzaion Serbiari, eta Daytoneko bake hitzarmena sinatu ondoren eta, bereziki, 1995eko abenduan, Estatu Batuek indarrik gabe utzi zituztenean Jugoslaviari ezarritako zigorrak, Milosevicek arrakasta handia izan zuen bere herritarren artean, enbargoak iraun artean milioi eta erditik gora serbiarrek lana galdu baitzuten. 1997an, okerragotu egin ziren armada federalaren eta Kosovoko albaniarren arteko liskarrak. Milosevicek erreferendum bat antolatu zuen Serbia osoan, atzerritarren bitartekaritza beharrezkoa ote zen jakiteko; boto emaileen % 75ek bitartekaritza ukatu zuen, eta Kosovoko albaniarrek galdeketa boikotatu zuten. 1999an, NATOko indarrek airez bonbardatu zituzten Serbia, Montenegro eta Kosovo, ehunka hildako eraginez. Mendekuz, serbiar indarrek kosovarrei eraso zieten eta haietako askok inguruko herrialdeetara ihes egin behar izan zuten. 1999ko ekainean, NBEn indar militar bat hedatu zen Kosovon, jugoslaviar indarrek hala onartuta; teorian, Jugoslaviari aitortzen zitzaion Kosovoren gaineko burujabetza, baina, praktikan, NATOren eta NBEen agindupeko protektoratu bat zen hura. 2000ko hauteskundeak Vojislav Kostunikak irabazi zituen lehenengo itzulian gehiengo absolutuz, baina Milosevicen jarraitzaileek erabaki hori onartu ez eta bigarren itzulia egin nahi izan zuten. Estatu Batuetako eta Europako Batasunak iruzurra salatu eta galdu zuela onar zezala eskatu zioten Milosevici. Oposizioak herri matxinada bat antolatu zuen, poliziako eta armadako sektore batzuekin batera, eta Milosevicek ihes egin behar izan zuen eta Kostunika aukeratu zuten lehendakari. 2001ean, Milosevic atxilotu zuten. Estatu Batuetako lehendariak esan zuen Jugoslaviak ez zuela laguntza ekonomikorik jasoko Milosevic Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaituko ez zuen arte, eta, hala, Milosevic Hagara estraditatu zuten. 2006an hil zen Milosevic, Hagako espetxean, bera epaitzen ari ziren bitartean. 2002an, Montenegrok eta Serbiak hitzarmen bat sinatu zuten Jugoslavia izena kentzeko eta Serbia eta Montenegro zeritzan estatu berri bat sortzeko. 2004 ezkero, Boris Tadic da Serbiako lehendakaria. 2008an, Kosovoko probintziako legebiltzarrak independentzia deklaratu zuen, baina serbiar agintariek ez zuten independentzia hori onartu. Estatu Batuek eta beste herrialde boteretsu batzuek —beste askok ez, ordea— Kosovoren independentzia aintzat hartzeak manifestazio eta istilu gogorrak eragin zituen Serbian.
http://www.srbija.gov.rs/?change_