Sena
(Frantsesez Seine) Frantziako ibaia, Loira ibairen ondoren luzeena. 780 km luze da eta 78.000 km2-ko ibai arroa hartzen du. Burgundian du iturburua, Tasselot mendian, 471 m-ko garaieran. Ipar-ekialdera egiten du Aube ibairekin bat egiten duen arte. Handik Ile-de-Franceko eskualdean barneratzen da. Montereauko hirian Yonne ibaiaren ura jasotzen du eta ipar-mendebalera egiten du. Parisen sartu ondoren Marne ibaiarekin bat egiten du, eta Frantziako hiriburua igarotzen du zubi ikusgarrien azpitik. Ondoren Oise ibaiaren ura bildu eta ipar-mendebalera egiten du, bihurgune handiekin. Rouen-go hiritik igaro ondoren (Normandia) 25 km-ko delta zabala eratu eta Mantxako itsasartean itsasoratzen da. Ontziz ibil daiteke; Frantziako itsas joan-etorriaren heren bat ibai horretatik egiten da. Paris, Le Havre eta Rouen-goak dira portu nagusiak. Rhône, Rhin eta Loira ibaiekin ubideen bidez lotua dago.