satitsu
iz. Zool. Sorizidoen familiako zenbait ugaztun txiki mutur-luzeren izena. Sahatsuri izenaz ere ezagutzen dira. Sorizidoen familian badira 290 bat intsektujale mota, satitsuaren oso antzekoak. Itxuraz saguaren antzekoak dira; hark baino mutur luzeagoa eta zorrotzagoa dute, eta isatsa, berriz, laburragoa. Belarriak ere saguak baino laburragoak dituzte. Satitsu izenaz ezagutzen diren sorizidoetan hiru genero dira ezagunenak: sorex, crocidura eta neomys izenekoak. Sorex generokoek isatsean ile laburrak dituzte; crocidura eta neomys generokoek, berriz, luzeak eta bakanak. v Satitsu arrunta (Crocidura russula). Ilea marroi beltzarana eta isatsa laburra eta sendo samarra dituena. v Satitsu sabel-zuria (Crocidura leucodon). Satitsu arrunta baino txikiagoa dena eta papar-sabelak zuriak dituena. v Uretako satitsua (Neomys fodiens). Kolorez beltz urdinxka eta neurriz beste satitsuak baino handiagoa dena. v Satitsu txikia (Sorex minutus). Eitez luzaran samarra, neurriz txikia eta kolorez marroi iluna dena.