sator belar
iz. Bot. Euforbiazeoen familiako belar landarea, 1,50 m luze egin daitekeena (Euphorbia lathyrus). Zurtoin zuzena eta sendo samarra, lantza-egiturako hostoak, osoak, elkarren aurka antolatuak eta berde ilunak, eta petalorik gabeko lore sexu-bakarrak ditu. Fruitua mingranaren itxurakoa du, baina kolorez berdea eta neurriz txikiagoa. Europako erdialdean eta hegoaldean hazten da, labore sailetan eta landu gabekoetan, batez ere. Herri sendagintzan heste-libragarri gisa erabili izan da.