sator
iz. Zool. Talpidoen familiako ugaztun intsektujalea, 17 cm inguru luzea (Talpa europæa). Satorrak baino gehiago ez du ikusten. Sator lurra, pila. || Sator lana: azpijana. Sator lanean ibili. Azpijanean satorraren gisa ari dena. v Satorrak lurpean bizi izateko egokituak dira: gorputza sendoa eta biribila; muturra luze samarra eta zorrotza; hankak, aurrekoak, batez ere, motzak baina sendoak, erpe indartsuekikoak eta alboetara okertuak, eta ilea oso leuna. Aurreko hankez baliatzen da lurpean bizilekua eta ibiltzeko zuloak egiteko. Begiak, aldiz, oso txikiak ditu, eta ageriko belarririk ez du. Kolorez beltza edo gris iluna izaten da. Intsektuak, larbak eta zizareak jaten ditu, batez ere, baita ornodun txikiak ere. Europako erdialdean eta hegoaldean, Asiako ekialdean eta Ipar Amerikan bizi da. v Sator martsupioduna. Notoriktidoen familiako ugaztun martsupioduna, satorraren itxurakoa, eta hark bezala bizitzaren parterik handiena lurpean ematen duena (Notoryctes typhlops). 18 cm inguru izaten da. Ilezko zorro baten antz gehiago du animalia batena baino, ageriko muturrik, begirik eta belarririk ez baitu, eta ilea sarria eta luze samarra baitu, zuri horixka kolorez; bestalde, oso hanka laburrak ditu, atzaparrak besterik agerian ez dituztenak. Buruaren aurreko aldea hezurrezko oskol zapal marroixka batek babesten dio. Batez ere Australiako erdialdean dago zabaldua.