Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santoña

Espainiako iparraldeko hiria, Kantabriako probintziaren iparraldean, izen bereko itsasadarraren ertzean (Kantauri itsasoa). 11.642 biztanle. Nekazaritza (bazkarako landareak, behi azienda), arrantza eta horien inguruko industria (janari industria, kontserbak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da Santa Maria eliza, XII. mendekoa. Espetxe bat dago aldirian. v Historia. Mendebaleko Galiako hiria izan zen (Portus Victoriae). 562. urtean monasterio beneditar bat eraiki zuten bertan. Haren inguruan hazi zen hiria baina 968. urtean normandiarrek hustu zuten. XII. mendean bale arrantzan eta itsas merkataritzan zihardutenek berregin zuten hiria eta XVI. mendean oparotasun handia izan zuen artilearen merkataritzari esker. 1639. urtean, ordea, frantsesek eraso zioten, Burgosko artzapezpikua buru zutela, eta gainbehera etorri zen Santoñako hiria.  v  Santoñako Ituna. 1937ko abuztuaren 24an, Euzko Alderdi Jeltzaleak (Juan Ajuriagerrak euskaldunen aldetik) eta italiar gudarosteko agintariek Kantabriako Santoña-ko hirian izenpetu zuten ituna. Haren arabera, Euzko Gudarozteko gudariek armak utzi behar zituzten, eta ordainean bizitza eta atzerrira jotzeko aukera errespetatuko zitzaizkien gudari eta agintari euskaldunei. 1937ko abuztuaren 26an utzi zituen armak Euzko Gudarozteak, baina italiarrek, ituna errespetatu gabe, preso hartu zituzten gudariak eta agintari nazionalistak. Itun horren aurrean eztabaida handiak egon ziren Euzko Alderdi Jeltzalearen barnean (Agirre lehendakariak ez zuen inoiz begi onez ikusi) eta Euzko Gudaroztean, buruzagi ez nazionalista batzuek traiziotzat jo baitzuten gudariek frontean jarraitu ez izana.