Santo Domingo
Dominikar Errepublikako eta izen bereko barrutiko (1.380 km2 eta 1.550.000 biztanle) hiriburua, errepublikako lurraldearen hego-erdialdean, Karibe itsasoaren ertzean, Ozama ibaiaren bokalean. 1.313.172 biztanle. Hiru unibertsitate. Nazioarteko aireportua. Errepublikako industria, merkataritza eta finantza gune nagusia da. Industriak (metalurgia, kimika industria, petrolio findegia, plastikogintza, eraikuntzako gaiak, ehungintza, janari industria) garapen handia izan du azken urteetan hiriaren inguruan eraiki diren indar etxeei esker. Monumentuen artean, aipagarriak dira katedrala, Diego Colonen jauregia, hiriko museoa eta Liburutegi nazionala. v Historia. Ozama ibaiaren ezkerraldean eraiki zuten jatorrizko hiria. Nueva Isabela izena jarri zioten Elisabet erreginaren omenez. Haize-erauntsi batek suntsitu zuen hiria eta 1502. urtean hasi ziren berriz eraikitzen, gaur egun dagoen tokian. Mendebaleko Indietako gainerako uharteak konkistatzeko abiapuntu izan zen, eta espainiarren mendeko kolonia oparoa izan zen Mexiko eta Peruko lurraldeak konkistatu baino lehen. 1586. urtean Francis Drake ingeles itsasgizonak hiria hustu zuen. 1795-1809 urteetan frantsesen esku egon zen eta gero, garai labur batez espainiarren mende egon ondoren, Haitiko biztanleek konkistatu zuten hiria. 1844. urtean lortu zuen independentzia eta Dominikar Errepublikako hiriburu egin zuten (1865). Ciudad Trujillo izena izan zuen 1936-1961 urteetan Rafael Trujillo diktadorearen omenez.