Santis, Giuseppe de
Italiar zinema zuzendari eta idazlea (Fondi, 1917 - Erroma, 1997). Filosofia eta Letrak eta Zuzenbide ikasketak egiteaz gainera, Centro Sperimentale di Cinematografía-ko ikasle izan zen. Guido Aristarco, Michelangelo Antonioni eta beste batzuekin batera, film kritikak idatzi zituen Cinema aldizkarian. Aldizkari hartan italiar zinema berritzeko ideiak proposatzen ziren; zuzendaria Vittorio Mussolini zen, Duce-ren semea. Aldizkariko orrietatik De Santisek zorroztasunez kritikatu eta goraipatu zituen Genina edo Soldati, Castella edo Lattuada bezala aurreko zinemaren arauei jarraituz bidea egiten ari ziren zuzendari gazteen lanak. Neorrealismoaren sorreran, Rosselliniren laguntzaile izan zen. Zuzendari eta muntatzaile gisa egin zuen lehenengo lana Giorni di gloria (1944) izan zen. Handik aurrera, bere sormen lana ideia sozialista batean oinarritu zen, baina horrek ez zion lagundu bere lehen proiektuari sineskortasunik ematen: Caccia tragica. Bere bigarren lanean ere –Arroz mikatza– nabarmena da kezka soziala: langile behartsuak nagusien aurrean bat eginda. Alderdi Komunistako kide gisa, arazo sozialak aztertzen dituzten filmak egiten ahalegindu zen. Azkenik, baina, horrelako filmak egiteko zailtasunek zinematik urrundu zuten. Beste film aipagarri batzuk: Non c’è pace tra gli ulivi (1950); Roma, ore 11 (1952); Un marito per Anna Zaccheo (1953); Cesta duga godinu dano (La strada lunga un anno) (1958); La garçonière (1960); Italiani brava gente (1964); Un apprezzato professionista di securo avvenire (1972).