Santillanako markesa
(Iñigo López de Mendoza jaiotza izenaz). Gaztelako idazlea (Carrion de los Condes, Palencia, 1398 - Guadalajara, 1458). Gaztelako poeta eta humanista nagusietako bat izan zen bere garaian. Arabar jatorriko familia noble batean sortu zen eta, Mendozatarren oinordeko nagusia zen aldetik, Joan II.a erregearen alde borrokatu zen gerra zibiletan, Alvaro de Luna-ren aurkaria zen arren, eta musulmanen aurka. Markes titulua eman zioten Olmedoko guduaren ondoren (1445). Kultura handiko gizona zen; gaztelaniaz gainera, galegoa, katalanera, frantsesa eta italiera menderatzen zituen, liburutegi bikaina osatu eta artea sustatu zuen. Gaztelaniara bihurtu zituen Homero, Virgilio eta Seneka-ren obrak, eta, Petrarka-ren ildotik, gaztelaniazko lehen sonetoak idatzi zituen. Herri literatura ongi ezagutzen zuen eta hamar serranilla edo herri kutsuko olerki liriko ondu zituen. Prosarako ere dohain bereziak erakutsi zituen olerki bildumari egin zion atarikoan: Carta Proemio al condestable don Pedro de Portugal.