Salzburgo
(Al. Salzburg). Austriako mendebaleko hiria eta izen bereko land edo estatuko (7.154 km2 eta 483.880 biztanle) hiriburua, Salzach ibaiaren ertzean, Hohensalzburg gaztelua dagoen Mönschberg haitzaren ondoan. 139.426 biztanle. Unibertsitatea. Musika eskola ospetsua. Industria (ehungintza, musika tresnak, beiragintza, metalurgia, larrugintza) eta merkataritza dira ekonomia jarduera nagusiak. Kultura gune garrantzitsua da eta sona handikoak dira bertako musika jaialdiak. Monumentuak ugariak dira eta aipagarriak dira, besteak beste, 1614-1628 urteetako katedral barrokoa, Kapitelplatz plazako iturri ikusgarria (XVIII. m.) eta XIX. mendeko artzapezpikutegia, Residenplatz plaza inguratzen duten XVI-XVII. mendeetako Neugebäude jauregia (Mozarten Flauta miragarria operako soinu bat interpretatzen duen Glockenspiel dago bertan) eta Salzburgoko printze-artzapezpikuen antzinako egoitza (XVI-XVII. m.), XII. mendeko Stifskirche St. Peter basilika erromanikoa (XVII-XVIII. mendeetan berritua), XI. mendeko Hohensalzburg gaztelu gotortua (XVII. mendean berritua eta barnean Erdi Aroko museoa eta gaurko artearen museoa daudena), Lodron jauregia (1631), Mirabell gaztelua (1606-1721, antzina printze-apezpikuen udako egoitza) eta Mozart jaio zen etxea. v Historia. Worms-eko apezpikuak monasterio bat sortu zuen Mönschberg haitzean, eta hura izan zen hiriaren sorburua. 739. urtean apezpikutegi egin zuten, 798an artzapezpikutegi eta 1278an erreinuko printzerri. Salzburgoko printze-artzapezpikuek juduak egotzi zituzten lehenik (1498) eta protestanteak ondoren (1731). 1803. urtean Toscanako artxiduke Fernando III.aren agindupean zegoen Salzburgo, 1805ean Austriaren mende eta 1809. urtean Bavariaren esku. 1816an Austriaren barne geratu zen, eta 1849an probintzia autonomo egin zuten.