Salvatores, Gabrielle
Italiar zinema zuzendaria (Napoli, 1950). Oso gazte zela Milanera joan zen eta han Piccolo Antzokiko Arte Dramatikoko Akademian diplomatu zen. 1972an Teatro dell'Elfo-ren sortzaileetako bat izan zen. 1981ean Sogno di una notte de mezza estate (Udako gau bateko ametsa) Shakespeareren lanaren rock musikal bat egin zuen, eta handik bi urtera lehenengo film luzea egin zuen, lan hartatik abiatuta. Salvatoresen lanen gai nagusia antzerkia izan zen: Kamikazen lana, esate batera, ospetsu egin nahi den komiko talde batek telebistarako egiten duen proba batean oinarritzen da. 1990ean gai horretara itzuli zen Turné lanarekin. 1991n etorri zitzaion, ordea, ospea Salvatoresi Mediterraneoa lanarekin, atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi baitzuen. Lan horren ondoren Portu ezkutua (1992) suspentse filma egin zuen, eta Sud gero (1993). 1997an arrakasta handiena izan zuen filma egin zuen, Nirvana. Film horretako protagonista ordenagailuetan aditua den mutiko bat da, eta ondorio izugarriak dituen birus bat diseinatzen du: heroiak pentsatzeko, erabakitzeko eta eragiteko gaitasuna hartzen du. Antzerkian eta zineman aritzeaz gainera, Salvatoresek telebistan eta irratian lan egin du, eta bideoklipak egin ditu italiar abeslarientzat.