Salle, David
Estatubatuar artista (Oklahoma, 1952). Kaliforniako Arte Institutuan egin zituen ikasketak (1970-1975). Gero, New Yorkera joan zen bizitzera, eta 1980 inguruan hasi zen aintzat hartua izaten, Mary Boone arte saleroseleak ezagutarazi zuenean. Irudiak eta hitzak modu konplexu eta sarritan misteriotsuen bidez elkartuz egindako lanengatik da ezaguna. Margolanok esanahiak eta istorioak iradokitzen dituzte, baina interpretatzen zailak dira. Salle artista postmoderno eta neoespresionistatzat hartu izan dute, baina nekez sailka daiteke higikunde jakin baten barruan. Erabiltzen dituen irudietako asko herri kulturatik hartuak dira, marrazki bizidunetatik eta iragarkietatik, esate baterako. Collage teknika erabiltzen du sarritan, baina paper zatiez eta argazkiez gainera, Sallek bestelako objektuak ere itsasten ditu, hala nola zeramika poteak edo hautsitako aulki hankak. Margolan horietako askok emakume biluziak irudikatzen dituzte, eta kritikari batzuen ustez pornografikotzat har daitezke. Margolanez gainera, argazkiak, filmak, eskulturak ere egiten ditu.