Saint-Cyran apaiza
(Jaiotza izenaz Jean-Ambroise Duvergier de Hauranne). Lapurtar teologoa, jansenismoaren sortzailea (Baiona, 1581 - Paris, 1643). Baionako etxe aberats batean jaio zen eta jesuitekin egin zituen ikasketak Agen-en, Parisen eta Lovainan. 1604an Parisa joan zen eta 1606an Baiona aldera itzuli zen; Bertrand Etxauzkoa Baionako apezpiku baigorriarrak kalonje izendatu zuen, eta kargu horretaz baliatu zen teologia ikasketetan jarraitzeko. 1609an Lovainara jo zuen berriro eta Cornelius Otto Jansen holandar teologo gaztea, Jansenius deitua, ezagutu zuen han. San Agustinen irakatsietan oinarrituta, eskolastikoen dotrinaren aurkako iritziak azaldu zituen gaztetandik Jansenius-ek. 1611-1616 urteetan elkarrekin bizi eta ikasi zuten Duvergier-ek eta Jansenius-ek Baionan eta Parisen. 1617an, Jansenius Lovainara itzuli zen eta Duvergier Poitiers-ko apezpikuaren idazkari lanetan hasi zen. Hiri hartan ezagutu zuen Richelieu kardinala. 1618an egin zuten apaiz eta 1620an Saint-Cyrango abade, Frantziako erdialdean (Brenne, Indre). Titulu hark ematen zizkion errentez baliatuta, aise bizi ahal izan zen aurrerantzean eta eliza katolikoaren erreformarako lanetan murgildu zen. 1621ean Parisen kokatu zen berriro eta harreman estuak izan zituen han Pierre de Bérulle kardinalarekin eta Arnauld d’Andilly familiarekin. Jansenismoa landu zuen ondorengo urteetan Parisen; 1637an komunitate bat antolatu zuen Port-Royal des Champs-en, Versailles-tik hurbil. Bere dotrinen gogortasunak, jesuitei egin zizkien kritika zorrotzek, parlamentarioen artean zuen omenak, apezpikuen aginduen aurrean erakutsi zuen axolagabetasunak eta, Bérulle kardinala hil ondoren (1629), alderdi elizkoiaren buru aukeratua izanak, Richelieu kardinalaren etsaigoa ekarri zioten, eta 1638an preso eraman zuten Vincennes-ko kartzelara. Lanean jarraitu zuen kartzelan, baina osasun arazo handiak izan zituen. Kartzelatik atera zuten Richelieu hil ondoren (1643), baina handik gutxira hil zen Parisen. Jansenismoaren martiritzat hartu zuten bere garaian eta haren heriotzarekin batera guztiz apaldu zen ideia jansenisten eragina Frantzian.