Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saint-Brieuc

(Bretoieraz, Sant-Brieg). Bretainiako ipar-erdialdeko prefetura hiria eta portua, Côtes-du-Nord departamenduaren iparraldean, izen bereko badiatik hurbil, itsasotik 3 km-ra. 56.282 biztanle. Hiritik hurbil dago portua (La Légué). Turismoa (hondartzak), nekazaritza eta arrantza produktuen merkataritza eta industria (metalurgia, janari industria, ontziola txikiak, ehungintza, nekazaritzako makineria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIV-XV. mendeetako Saint-Étienne katedrala (XVIII. mendean berritua), apezpikutegia eta etxe zaharrak. v Historia. Hiria galiar fraide batek VI. mendean sortu zuen monasterio baten inguruan hazi zen; XIII. mendean hasi ziren katedrala eraikitzen. Espainiarrek hustu zuten 1592an.