Saint Kitts eta Nevis
(Izen ofiziala, Saint Kitts eta Nevisko Federazioa; Ing., Federation of Saint Kitts and Nevis). Antilla Txikietako estatua, Kitts eta Nevis uharte txikiek osatua, Karibe itsasoaren ipar-ekialdean. 269 km2 eta 39.817 biztanle (2008, sankistarrak). Mugak: iparraldean Anguilla uhartea, ekialdean Antigua, hegoaldean Montserrat. Hiriburua: Basseterre, Saint Kitts uhartean (18.000 biztanle, 1995). Herri nagusia: Charlestown, Nevis uhartean. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Erlijioa: protestanteak (% 70, anglikanoak batez ere); katolikoak (% 10,7). Etniak: beltzak, % 86; mestizoak, % 9; besteak, % 5. Dirua: Karibeko ekialdeko dolarra. Biztanleak. Saint Kitts eta Nevisko biztanle gehienak esklabo gisa hara eramandako afrikar jatorriko beltzen ondorengoak dira, baina badira europarrez eta asiarrez osaturiko talde txikiak ere. Ingelesa da bertako hizkuntza ofiziala, baina patoisa ere (frantsesaren dialektoa) erabiltzen da. Biztanleen batez besteko itxaropena 67 urtekoa zen 1999an, eta bereziki azpimarratzekoa da bertako biztanleen gaztetasuna, % 33 baita 15 urtetik beherakoa (1999rako aurreikuspenen arabera). Biztanle kopuruaren hazkundea % 1,2 ingurukoa da; biztanleriaren hazkundea ekonomia arazoek eragindako emigrazioak orekatzen du. Biztanle gehienak Basseterre hiriburuan bizi dira, erdiak inguru. Analfabetismoaren tasa oso txikia da. v Orografia eta hidrografia. Saint Kitts uhartea 37 km luze eta 8 km zabal da (174,1 km2), arrautza formakoa. Hego-ekialdean lurmutur estu eta lau bat du, azukre kanabera lantzeko erabiltzen dena. Uharte menditsua da: Misery sumendia (1.156 m). Sumendiaren barruan aintzira bat dago. Bi uharteen arteko itsasartea 3 km zabal da. Nevis uharte biribila da. 92,5 km2 ditu. Oso-osorik mendi bat da, Nevis Peak (985 m) sumendiak, eta horren maldan dauden Round Hill (309 m) eta Saddle Hill (564 m) tontorrek osatua. Koralezko itsas hautsi batek inguratzen du. Bi uharteetan badira ibaiak. v Klima eta landaredia. Uharteek klima samurra eta hezea dute: urtean 17-33 °C bitarteko hotz-beroa eta 1.400 mm euri izaten da batez beste. Batzuetan, Karibeko haize-erauntsiek kalte handiak eragiten dituzte. Landaredia ugaria da mendialdean, eta garaieraren arabera aldatzen da. Alderdi garaienetan belarra hazten da, eta beherago baso tropikala dago. Behealdean, jatorriko landarediaren ordez beste landare batzuk aldatu dira. Ekonomia. Saint Kitts eta Nevisko ekonomia azukre kanaberaren ekoizpenean eta lanketan oinarritua izan da tradizioz, baina azken urteetan munduko merkatuetan azukrearen prezioak izandako beherakadak kalte larriak eragin dizkio bertako industriari. Azkenaldi honetan ahaleginak egiten ari dira ekonomian beste jarduera batzuk indartzeko eta ez egoteko azukrearen lanketaren mende (kotoia, barazkiak eta fruta lantzeko neurriak hartu dira) eta garrantzi handia hartzen ari dira, orobat, turismoa, esportaziora bideraturiko eskulangintza eta finantzak (bertako zerga abantailei esker). Gaur egun zerbitzuen alorrak hartzen du Saint Kitts eta Nevisko langileen kopuru handiena. Elikagai gehienak inportatu egin behar dituzte. Gobernua azukrearen sektorea krisitik atera eta berrindartzeko egitasmoak antolatzen ari da, eta era berean, zerga bilketak prestatzen ari da gizarte programetan diru gehiago inbertitu ahal izateko. 1997az gero Nevisko zenbait buruzagi Saint Kittsekiko burujabetasuna aldarrikatzen ari dira Nevis uhartearentzat, estatu federalaren gobernutik jasotzen dituen zerbitzuei dagokiena baino zerga gehiago ordaintzen ari direla-eta; dena dela, 1998an egindako ereferendumean atzera bota zen Saint Kittsetik bereizteko proposamena. 1998. urtearen amaieran Georges urakanak ondorio latzak eragin zituen eta 445 milioi dolarreko galerak izan ziren. Gobernua eta gizartea. 1493. urtean Kristobal Kolon europar itsasgizona Antilletara iritsi zenean karibe indiarrak bizi ziren berak San Cristobal eta Nieves izendatu zituen uharteetan. Baina uharteetako gaur egungo biztanle gehienak Afrikatik eramandako esklabo beltzen ondorengoak dira. 1623an britainiarrek Saint Kitts (San Cristobal izenaren laburdura) uhartean hartu zuten bizitokia, eta 1627an frantsetsek. Harrezkero, eta 1783an, Versaillesko Hitzarmenaren bidez, uharteak britainiarren mendean geratu ziren arte, gatazkak eta guduak izan ziren britainiarren eta frantsesen artean. Nevis britainiarren mendean egon zen 1628az gero. 1816an Saint Kitts, Nevis, Anguilla eta Virgins uharteak administrazio bakar baten mendean geratu ziren, eta 1958-67 bitartean Mendebaleko Indien Federazioaren barruan. 1967an Saint Kitts, Nevis eta Anguillak Britainia Handiarekin elkartutako estatua osatu zuten. Urte bereko uztailean, ordea, Anguilla banandu zen, eta Britainia Handiak 1980an onartu zion burujabetasuna. Saint Kitts eta Nevis uharteek estatu federala osatzen dute, bi estatuz osatua: Saint-Kitts eta Nevis. Federazio hori Commonwealth erakundearen barruan dago; 1983ko konstituzioak agintzen duenaren arabera, Britainia Handiko erregea da estatuburua, eta gobernadore batek betetzen ditu haren ordezko zereginak. Lurralde antolaketari dagokionez, 14 eskualdetan edo barrutitan banatuta dago herrialdea. Historia. 1983ko irailaren 19an Saint Kitts eta Nevisek erabateko burujabetasuna erdietsi zuten, eta urte hartan bertan onarturiko konstituzioa ezarri zen bertan. 1984an hauteskundeak egin ziren, eta ordu arte agintean egondako Kennedy Simmonds, Herri Ekintzaren Mugimendua eta Nevisko Alderdi Erreformista biltzen zituen koalizioaren burua, atera zen garaile, eta 1989. urteko hauteskundeetan berretsi egin zuten bere karguan. 1995ean Alderdi Laborista izan zen irabazlea. Hauteskunde haien ondoren Denzil Douglas izendatu zuten Lehen ministro, eta 1996az gero Cuthbert Montraville Sebastian da uharteetako gobernadore orokorra. Azken urteetan Nevisko burujabetasunaren aldeko iritziak zabalduz joan dira, eta 1997ko hauteskundeetan bereizketaren aldeko Hiritar Arduratsuen Mugimenduak aurrea hartu zion Nevisko Alderdi Erreformistari. Bereizketaren aldeko mugimenduak, ordea, ez du lortu Denzil Douglas Nevisko burujabetasunari buruz elkarrizketetan hasteko adinako indarrik; 1998an egindako erreferendumean hautesleen % 61,8k ezezkoa eman zion Nevisko Lehen ministro Amoryk egindako burujabetasunerako proposamenari. 1998an, George urakanak sekulako galerak eragin zituen. 1984ko hauteskundeak gobernuaren koalizioak irabazi zituen.
http://www.stkittsnevis.net/