Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

safawi

iz. eta izond. 1501-1736 urte bitartean Iranen agindu zuen arabiar jatorriko dinastia xiiaz esaten da. v Safawiak Safi ed-Din (1253-1334) xeke arabiarraren ondorengoak ziren; 1399an utzi zuten ordena sunnia eta Azerbaijan-dik hasita Pertsia eta Asia Txikira zabaldu zuten beren sinestea. 1488an, otomandarren aurka zeuden turkiar herri guztiak bildu zituen Isma’il buruzagi safawiak eta, Pertsiako mendebaleko osteak garaitu ondoren, shah titulua jaso zuen 1501ean. Abbas I.a Handiaren garaian (1587-1628) bizi izan zuen bere gorena Isma’il-ek sortu zuen dinastiak; Pertsiak ospe handia izan zuen Europan garai haietan eta XVII. mende osoan zehar, eta eragin berezia izan zuen India aldean, pertsiar moldeak arras nagusitu baitziren mongoliarren mende zeuden lurralde haietan. Safawi dinastiaren ekiteari esker gorpuztu zen Pertsia modernoa, egungo Iran-en aitzindari izan zen estatua, eta sinesmen xiiari esker iraun zuten baturik inperio haren barnean zeuden herriek.