Safo
(Gr. Sappho). Greziar poeta (Lesbos, K.a. 625 - Lesbos, 580). Ez da haren bizitzari buruzko datu askorik. Familia aristrokrata bateko alaba zen, eta Lesbos-ko politikagintzan parte hartu zuen. Siziliara erbesteratu zuten 593an Pitako tiranoari egin zizkion kritikengatik, eta Lesbos-a itzuli zenean dantza, musika eta gimnasia ere irakasten zen literatura eskola bat sortu zuen, neskez osatua. Haietako batzuekin zituen harremanak nabariak dira bere bertsoetan, eta eskandalugarriak gertatu ziren antzinatean. Hala, Lesbos-etik dator lesbiana hitza homosexualitate femeninoa izendatzeko. Bederatzi poesia bilduma idatzi zituen, baina 650 bat bertso baizik ez dira gorde. Poesia haiek ospe handia izan zuten bere garaian eta Catulo, Horazio eta Ovidiok itzuli zituzten, besteak beste. Amodioari eta izadiko edertasunei opatutako poemak idatzi zituen, eta neurri berriak sortu zituen; horietako batek (safikoak) bere izena du.