Rozanov, Vasili Vasilievitx
Errusiar filosofoa, kritikaria eta idazlea (Vetluga, 1856 - Mosku, 1919). Etxe oneko semea zen eta Moskuko unibertsitatean egin zituen historia ikasketak. Historia eta geografia irakasle jardun zuen aldi batez, baina horretarako bokaziorik ez zuela eta, literatura lanetan murgildu zen. 1880an Polina Suslova-rekin, Fiodor Dostoievski-ren aurreneko maitalearekin, ezkondu zen, eta 1890ean argitaratu zuen Dostoievski-ren lanei buruzko lehen lan kritikoa. 1880. urtetik aurrera San Petersburgon bizi izan zen eta kristauen eta juduen erlijioaren aurka panfleto ugari plazaratu zuen, izadiaren harmonian oinarrituriko erlijio baten eta joera eslabisten alde. 1899tik aurrera utzi zioten Novoye vremya (Garai berriak) egunkari kontserbadorean idazten eta 1905etik aurrera huts egindako iraultza saioaren alde idatzi zuen Russkoye slovo (Errusiarren hitza) egunkari progresistan. 1912an argitaratu zuen obra gorena, Uyedinnye, pochti na pravakh rukopisi (Bakarkako gogoetak, ia bakartasunean inprimatuak), errefrauz eta saiakera laburrez osatua. 1917ko iraultza ondorengo egunetan Moskutik hurbil dagoen monasterio batera joan zen eta han hil zen bi urteren buruan, eliza ortodoxoarekin adiskidetu ondoren.
- Royce, Josiah
- Royo Jiménez, Mariano
- Royo, Arístides
- Royo, Iñigo
- Royo, Koldo
- Rozanov, Vasili Vasilievitx
- Rozas Elizalde, Ixiar
- Rozewicz, Tadeusz
- Rózsa, Miklós
- RPR
- Ru