Roh Tae Woo
Hegokorear politikaria (Taegutik hurbil, 1932). Familia apal batean sortu zen, eta Koreako Akademia Militarrean ikasketak egin ondoren Vietnamen jardun zuen 1960ko hamarraldian. Chun Doo Hwan jeneralaren laguna zen, eta haren alde agertu zen lehendakaria eraisteko matxinadan; horrela, Chun Doo Hwanek lehendakaritza eskuratu zuelarik, Rohk gudarostea utzi eta gobernuko zenbait kargu eskuratu zituen. Agintean zen Justizia Demokratikoaren Alderdia (DJP) alderdiko lehendari izendatu zuten 1985ean. Chunen diktadura zapaltzailearen aurkako matxinada lehertu zelarik sistema demokratikoa ezartzeko lehen urratsak egin behar izan zituzten, eta 1987an Chunek Rohren esku utzi zuenean bere kargua, herritarren diktaduraren jarraipena etorriko zela uste izan bazuten ere, lehendakaritzarako hauteskundeak prestatzeko aukera emango zuten aldaketak egin ziren konstituzioan eta Rohk oposizioaren eskaera gehienak onartu zituen. 1988an, Hego Korean lehendakaritzarako lehenengo hauteskunde demokratikoetan, Roh Tae Woo bihurtu zen Korea herrialde zatituaren buruzagi. Beste zenbait ekimenez gainera, bere agintaldian, 1991n, Hego eta Ipar Korearen adiskidantzarako hitzarmena sinatu zuen. Bere alderdiaren eta beste zenbaiten bategitetik sorturiko Alderdi Demokrata Liberaleko buruzagitza bertan behera utzi zuen 1992an, eta 1993an bere agintaldia amaitu zelarik, bertan behera utzi behar izan zuen lehendakaritza, konstituzioak agintzen zuenez. 1996an, Roh epaitu eta espetxeratu egin zuten, eta Chun Doo Hwani heriotza zigorra ezarri zioten, ustelkeriaz eta hainbat hilketaz eta estatu kolpea eman izanaz salatu zituztelarik, baina 1997an, Kim Young Sam lehendakariak eta haren ondorengo izendaturiko Kim Dae Jungek aske utzi zituzten, nazio adiskidantzarako urrats gisa.