Rogers, Shorty
(Jaiotza izena, Milton Michael Rajonsky). Estatubatuar tronpeta jotzailea eta musikagilea (Great Barrington, Massachusetts, 1924 - Los Angeles, 1994). New Yorkeko Musika eta Arte Eskola Nagusian ikasi zuen tronpeta. Jimmy Giuffrerekin konposizioa ikasi zuen Los Angeleseko Kontserbatorioan, eta eskolako orkestran parte hartu zuen. 1942an Will Bradleyren orkestrarekin aritu zen eta hurrengo urtean Red Norvoren taldearekin. 1945ean Cozy Coleren zazpikotean sartu zen, Red Norvoren zortzikotean aritu zen eta Earl Lamond, Emmett Carls, Chubby Jackson eta Don Lamondekin Lennie Tristanoren lehenengo diskoa egin zuen. Urte horretan bertan Woody Hermannen lehenengo taldean sartu zen eta harentzat hainbat lan ondu zuen. Kai’s Krazy Cats taldearekin ere disko bat egin zuen 1946an. 1947an Charlie Barneten orkestran aritu zen eta urte horren amaieran Woody Hermanen bigarren taldean sartu zen. 1950. urtean Stan Kentonek deitu zion bere Innovations in Modern Music taldean parte hartzeko. 1951n Los Angelesen hartu zuen bizilekua, eta Giants taldea sortu zuen han. Garai horretan bi filmetarako musika osatu zuen: Ekipo basatia (1954, Laslo Benedeck) eta Urrezko besoko gizona (1955, Otto Preminger). 1963. urtetik aurrera Rogersen karrerak gorantz egin zuen eta zinema estudioetan aritu zen batez ere. Starsky and Hutch telesaileko musika osatu zuen, besteak beste. 1982an bira bat egin zuen National Youth Orchestrarekin, Japonian izan zen West Coast Giantsekin (1983) eta Nizako jazz jaialdian ere parte hartu zuen (1985).