Rodríguez, Claudio
Espainiar idazlea (Zamora, 1934). Filologia erromanikoko lizentziaduna da eta Ingalaterrako zenbait unibertsitatetan gaztelaniako irakasle gisa lan egin du. 1953. urtean Don de la ebriedad (Mozkorkeriaren dohaina) eman zuen argitara eta Adonais saria eman zioten; obra hori da, hain zuzen ere, Claudio Rodríguezen lan nagusietakoa. Aipagarriak ditu, orobat, Conjuros (1958, Konjuruak), Alianza y condena (1965, Aliantza eta zigorra) eta El vuelo de la celebración (1976, Ospakizunaren hegaldia) olerki liburuak, zeinak eman baitzioten Espainiako XX. mendearen bigarren erdialdeko olerkari onenaren izena; Rodríguez izan zen Luis Cernudaren eraginpean sorturiko eta hasieran batez ere konpromiso sozial nabarmena erakutsi zuen 50eko belaunaldiko olerkari nagusietakoa, bere esaldien originaltasunagatik eta mundu mitiko bereziagatik. 1983an argitaratu zuen Desde mi palabra (Nire hitzetik), bere obra osoa biltzen duena, eta Espainiako Literaturako Sari Nazionala eskuratu zuen hari esker. Sariei dagokienez, aipagarriak ditu aurrekoaz gainera Espainiako Olerkigintza saria (1983) eta Letretetako Asturiasko Printzearen saria (1993). 1991n Casi una leyenda (Elezaharra ia) olerki liburua eman zuen argitara.