Rodríguez Ibarra, Juan Carlos
Espainiar politikaria (Merida, 1948). Maisu ikasketak egin zituen, eta 1969. urtean maisu izateko oposizioak irabazi zituen, baina irakasle sartu ordez Sevillara joan zen ikasketak sakontzera. Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen hango unibertsitatean eta filologia modernoko lizentzia eskuratu zuen; harrezkero hainbat unibertsitatetako irakasle izan da (Nantes, UNED, etab.). 1976an PSOE alderdian sartu zen, eta diputatu, Extremadurako erkidegoko lehendakari eta Extremadurako PSOEren idazkari nagusi gisa nabarmendu da bere karrera politikoan. 1979an Badajozko PSOEko idazkari orokor izendatu zuten eta 1982an Extremadurako Lurralde Batzordeko lehendakari. Kongresuko diputatu izan zen 1977. urtetik 1982ra, eta 1983tik aurrera Extremadurako diputatu izan da. 1983. urtean Extremadurako Gobernu Batzordeko lehendakari izendatu zuten, eta Extremadurako Behin-behineko Autonomia Batzarra osatu zutelarik, Gobernu Batzordeko buru jarri zuten. 1987an Extremadurako Gobernu Autonomoaren lehendakari hautatu zuten, eta Erkidego hartako lehendakari izan da 1991 eta 1995eko hauteskundeetan ere. 1994ko PSOEren biltzarrean Zuzendaritza Federaleko kide hautatu zuten, eta Extremadurako PSOEren Idazkari Orokor izaten jarraitu zuen, gehiengoaren erabakiaz.