Rodríguez Iglesias, Gil Carlos
Espainiar abokatua (Gijon, 1946). 1975ean eskuratu zuen zuzenbideko doktore titulua Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta irakasle eta katedradun izan da hainbat unibertsitatetan (Friburgo, Extremadura, Granada…). Kanpo Arazoetako ministerioarentzat lan egin zuen nazioarteko hitzarmenetarako aholkulari gisa. 1986az gero Europako Justizia Epaitegiko epaile izan zen, eta epaitegi haren lehendakaria da 1994az gero. Bera izan da Europar Batasunean erakunderen baten lehendakaritza bere esku izan duen bigarren espainiarra. Epaitegi horretatik estatuen boterearen aurrean hiritarrak dituen eskubideen alde lan egin du nagusiki. Espainiako zuzenbide komunitarioko aitzindarietako bat eta nazioarteko zuzenbidean aditua da, eta hainbat lan egin ditu alor horretan; besteak beste, Curso sobre Derecho Comunitario Europeo ikastaroa zuzendu zuen 1993an eta 1995ean, Cuadernos de Estudios Europeos argitalpenaren zuzendari izan zen Eduardo García de Enterría katedradunarekin batera (1993), Revista de Instituciones Europeas aldizkariaren zuzendariordea da eta Asociación Española para el Estudio del Derecho Europeo erakundearen idazkari orokorra, 1982an erakunde hura sortu zenez gero.