Rodríguez Baixeras, Xavier
Galiziar olerkaria (Tarragona, 1945). Tarragonan jaio zen arren Ribadeon, Galizian, igaro zuen haurtzaroa, eta Vigora joan zen ondoren. Olerkigintzako lehen urratsak La ciudad sumergida (1971, Hiri urperatua) lanarekin egin zituen. Geroago argitaratu zituen Fentos no mar (1981, Iratzeak itsasoan) eta Lembranzas do areal (1985) olerki liburuak, eta 1987. urtean kaleratu zuen bere olerki guztien antologia jasotzen zuen Anos de viaxe (1981-1987) [Bidaia urteak (1981-1987)] obra. Urte hartan nabarmendu zen Rodríguezek olerkigintzarako zituen dohainak, eta lortu zuen ospea; izan ere, Kritikaren saria eman zioten, A gándara da noite (Larrea gauez) lanarengatik. Hurrengo lan aipagarriak Os visitantes (Bisitariak, González Garcés saria 1991n) eta Nadador (1995, Igerilaria) izan ziren, eta 1998an Beira norte olerki liburua argitaratu zuen. Rodríguez Baixerasek estilo berezia darabil bere lanetan, eta bere bizipenak eta familiaren oroitzapenak sakontzen ditu, espazio eta denbora intimo bat osatzen duten olerkiak idazteko.