Rio de la Plata
Hego Amerikako antzinako kolonia lurraldea, Parana, Uruguay eta Paraguay ibaien arroetan, Argentina, Paraguai, Uruguai eta Brasilgo estatuen artean banatua gaur egun. 3.000.000 km2 inguru ditu. v Historia. 1535ean hasi zuten espainiar kolonizatzaileek lurralde horren konkista, Pedro de Mendoza buru zutela. Juan de Ayolas eta Diego Marínez de Irala euskalduna bidali zituen hark barne lurren jabe zitezen. 1537an sortu zuten Asuncion-go hiria guarani herriaren lurretan, eta hiri hura bihurtu zen lurralde zabal hartako hiriburu, espainiarrek 1537an Buenos Aires-ko hiria utzi zutelako. 1580an sortu zuten bigarrengoz Buenos Aires, eta beste bide erosoago bat zabaldu zuten Peru aldera espainiarrek handik, Córdoba, Tucuman, Salta eta Jujuy-ko hirietan barrena. 1617an bitan banatu zen lurraldea: Paraguai-ko herrialdea, Asuncion hiri nagusi zela, eta Rio de la Plata-ko herrialdea, Buenos Aires hiri nagusi zela. Peruko erregeordearen gobernupean zeuden, nolanahi ere, bi herrialde horiek. Bestalde, Córdoba izan zen mende horretako hiri garrantzitsuena; han eraiki zen Amerikako bigarren unibertsitatea. XVII. mendearen bukaeran areagotu ziren Brasil aldetik zetozen portugaldarrekiko arazoak (Tordesillas-ko hitzarmena aldatu nahi zuten portugaldarrek), eta XVIII. mendean hasi zen Ingalaterrako itsas armada Rio de la Plata-ko eta Patagoniako kostaldean kokatu nahian. 1760an piztu zen Malvina edo Falkland uharteen arazoa, oraindik erabat erabaki ez dena. 1776an Karlos III.a Espainiako erregeak Rio de la Plata-ko erregeordetza sortu zuen, inperioko alde horri hobeto eutsi eta itsas merkataritzan zeuden oztopoak menderatzeko, eta haren mendean jarri ziren egungo Argentina, Uruguai, Paraguai, Bolivia, Brasilgo hegoaldea eta Txileko tropiko aldea. Buenos Aires bihurtu zen lurralde berri hartako hiriburu eta portu nagusi, eta erraztasun handiak eskaini zituen aurrerantzean Peru-ko erregeordearen mendean egon behar ez izanak. Ordu arte Peru aldera bideratzen zen Potosi-ko zilarra Buenos Aires-ko portura hasi ziren garraiatzen. 1806-1807 urteetan garaipena lortu zuten Buenos Aires-ko biztanleek ingeles erasotzaileen aurrean, eta 1810ean ezarri zuten erbesterako bidean erregeordea. Rio de la Plata-ko erregeordetzaren garaian (1776-1814) gertatutakoei esker gorpuztu zen XIX. mendearen hasieran herrialde haietako independentziaren aldeko mugimendua.