Rio de Janeiro
(Rio ere deitua). Brasilgo hego-ekialdeko hiria eta portua, izen bereko estatuko (13.556.100 biztanle eta 44.268 km2) hiriburua, Guanabara-ko badiaren mendebalearen, eta Ozeano Atlantikoaren, ertzean. 5.090.700 biztanle (1985. 10.217.269 biztanle hirialdeak; carioca deitu ohi dira bertakoak). Granitozko mendiak daude Rio-ko inguruetan (Corcovado mendia, 704 m, da garaiena) eta hondartza ikusgarriak (Copacabana-koa da ospetsuena) hedatzen dira itsasertzean, badiaren sarreran dagoen Pão de Açucar («Azukrezko ogia») mendi bitxiaren begirapean. Klima tropikal hezea da. Landaretza oparoa da guztiz. Brasilgo bigarren industria eta merkataritza hiria da, São Paulo-ren ondoren. Farmazia gaiak, jantzi eta oinetakoen industria, metalgintza, tabakoa, janari industria, inprimeria eta ontziolak dira industria mota nagusiak. Oleoduktu batek Belo Horizonte-ko hiriarekin lotzen du. Zerbitzuen alorra da, halaz ere, ekonomia jarduera garrantzitsuena; Brasilgo finantza eta kulturagune garrantzitsuenetako bat da eta mundu osora zabaltzen da hango turismoaren erakarria (Inauteria ospetsua). XX. mendeko arkitektura modernoko garrantzi handiko eraikuntzak daude (Oscar Niemeyer arkitektura eskola ospetsua) eta monumentu eta eraikin ikusgarriak daude hiriaren erdialdean (Kultura Jauregia, Oscar Niemeyer-en obra; Arte Modernorako Museoa, Affonso Eduardo Reidy-rena, Maracana estadioa…), kolonia garaiko monumentuen ondoan. Aipagarria da Corcovado mendi gaineko Kristo erraldoia. Favela deituriko txaboletan bizi da, nolanahi ere, Rioko hirialdeko biztanle asko eta asko, mendien mazeletako eta hegoaldeko paduretako miseriazko auzotan, erdialdeko handitasunaren kontrakarrean. Hego Amerikako portu egokienetako bat du Rio de Janeiro-k; hara bideratzen dira Brasilgo hego-ekialdeko gaiak, Minas Gerais estatuko kafea bereziki (23.850.000 tona 1986an), errepide eta burdinbide sare egokiari esker. Bi aireportu. v Historia. Tupi familiako mojo eta tupinanba herriak bizi ziren Rio aldean europarrak azaldu ziren garaian. 1502ko urtarrilean sartu ziren portugesak Guanarabako badian lehenengo aldiz. Uste zuten portugesek hasieran ibai baten bokalean zeudela eta hala ezarri zioten izena, Rio de Janeiro, «Urtarrileko ibaia», aurkitu zuten hilabetea gogoan harturik. Frantsesek jo zuten hurrena lurralde haietara, eta Guanabarako badiako uharte batean jarri zuen lehen kolonia Frantziatik iritsitako protestante talde batek, La France Antarctique («Antartikako Frantzia») bultzatzeko asmoz. Portuges militarrak nagusitu ziren, ordea; 1565ean sortu zuten São Sebastião do Rio de Janeiro hiria eta 1567an egotzi zituzten frantsesak Guanarabako badiatik eta Brasildik. XVII. mendean areagotu zen azukre-kanaberaren ustiakuntza inguru haietan guztietan, eta 1660. urtean Brasilgo hegoaldeko kapitain lurraldeko hiriburu bihurtu zen Rio. 8.000 biztanle zituen hiriak garai hartan, indiarrak eta beltz esklaboak gehienak. XVIII. mendearen hasieran hasi ziren Portugal Brasilgo urre eta diamante meatzeak ustiatzen, eta inmigrante oldeak bertaratu ziren Europatik. 1749an 24.000 biztanle zituen Riok eta 1763tik aurrera arras aldatu zen, Brasilgo koloniako hiriburua Bahiatik hara aldatu ondoren. XVIII. mendearen bukaeran, ordea, meatzeen gainbeherak eta Amerikako erdialdeko azukregileen lehiak hondora bidean ezarri zuten ekonomia. XIX. mendearen hasieran, ostera, oparotasuna ekarri zuten berriro hirira kafearen ustiakuntzak eta Portugalgo erregeak han finkatu izanak (1815). Kafe sailak guztiz ugaldu ziren ondorengo urteetan Rio-ko estatuan eta inguruetan, eta Europako merkatariak hasi ziren heltzen. XIX. mende erdialdean hiri moderno bati zegozkion hornidurak hasi ziren antolatzen. 1889an bihurtu zen Rio de Janeiro Brasilgo errepublikako hiriburu. 520.000 biztanle zituen 1890an; munduko hiri jendetsuenetako bat zen ordurako. XX. mendearen hasieran osatu zen hiri erdialdearen modernizazioa. Brasilgo estatuetako hiri nagusi egin zuten Brasiliako hiri berria, baina, hala ere, handitzen jarraitu zuen Rio de Janeiroko hiriak.