Rimski-Korsakov, Nikolai
Errusiar musikagilea, orkestra zuzendaria eta pedagogoa (Tikhvine, 1844 - Liubensk, 1908). 1856. urtean San Petersburgoko itsasoko armadaren eskolan sartu zen. 1861. urtean Balakirev musikagilea ezagutu zuen eta musika ikasketak osatu zituen harekin. Urte berean Bosten Taldean sartu zen. 1871. urtean San Petersburgoko kontserbatorioko konposizio eta orkestrazio irakasle izendatu zuten. 1873. urtetik aurrera karrera militarra utzi eta musikari emana bizi izan zen; aldi berean Mussorgskiren eta Borodinen lanak orkestrarako moldatu eta osatu zituen. 1886-1900. urteetan orkestra zuzendari gisa aritu zen, batik bat Parisen. Rimski-Korsakov-ek ikasle ugari izan zituen, besteak beste: Liadov, Stravinski, Ippolitov-Ivanov, Miskovski, Prokofiev, Respighi, eta Glazunov. 1883. urtean enperadorearen kaperako musika zuzendari izendatu zuten. Rimski-Korsakov-en obrak mendebaleko teknikak eta errusiar sena elkartzen ditu; musika tresnen laguntza, bestetik, aberastasun handiz erabiltzen du. Rimski-Korsakov-en lan nagusiak dira: operak: Ivan Izugarria (1868-1872); Maiatzeko gaua (1878); Elurrezko emaztegaia (1880-1881); Mlada (1889-1890); Sadko (1894-1896); Mozart eta Salieri (1897); Kitezen hiri ikustezinaren elezaharra (1903-1904); Urrezko oilarra (1907); orkestrarako, Sadko (1867); Espainiar kapritxoa (1887); Scheherezade (1888); ahotserako lan asko, pianorako kontzertuak, ganbera musika, 100 bat doinu eta 150 bat errusiar herri kantuen moldaketa. Harmonia eta orkestrarako musikagintzari buruzko liburuak idatzi zituen.
- Riley, Bridget
- Rilke, Rainer Maria
- Rimac
- Rimbaud, Arthur
- Rimini
- Rimski-Korsakov, Nikolai
- Rin-Chen-Bzang-Po
- Rinda
- Rinzai
- Rio Branco Legea
- Rio de Janeiro