Rhin
(Al. Rhein; neerlanderaz, Rijn). Europako mendebaleko ibaia, Alpe mendietan sortu eta ura Ipar itsasoan isurtzen duena. 1.320 km luze da eta 252.000 km2-ko ibai arroa hartzen du. Suitzako Alpe mendietan du iturburua, Vorderrhein eta San Bernardino lepotik gertu jaiotzen den Hinterrehin adarren bilgunean alegia. Iparralderantz egiten du ibaiak eta Suitza eta Liechtenstein estatuen arteko muga eratzen du lehenbizi, eta Suitza eta Austriaren artekoa muga gero. Delta zabal batean zabaltzen da Konstantzako aintziran barneratu aurretik. Aintziraren mendebaletik irteten da eta norabide horretan segitzen du. Suitza eta Alemania estatuen arteko muga egiten du, halaber, Konstantza aintziratik Basileako hiria arte. Basilean bertan Aar ibaiaren ura hartzen du; handik aurrera ontziz ibil daiteke. Gero iparralderako norabidea hartzen du ibaiak eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko muga eratzen du. Alemanian barneratzen da ondoren eta Mannheim hiritik hurbil Neckar ibaiarekin bat egiten du eta, aurrerago, Mena ibaiarekin. Bingen eta Bonn hirien artean (150 km) haran estu batetik igarotzen da, mahastiez eta Erdi Aroko gazteluez inguratuta. Koblentza hiriaren parean Mosela ibaia (1956. urteaz geroztik kanalizatua) batzen zaio Rhin ibaiaren emariari. Bonngo hiritik aurrera zabaltzen da Rhin ibaiaren harana, Europako iparraldeko ordoki zabala osatzeraino. Kolonia, Düsseldorf eta Duisburg hiriak igarorik, hiri horretan bat egiten du Ruhr ibaiarekin. Duisburgetik ibaiaren bokalera ontzien joan-etorria handia da eta ubide sare aberatsari esker Alemaniako iparraldeko eta hegoaldeko beste ibai txikiagoekin dago loturik Rhin ibaia eremu horretan. Holandan barneratu bezain laster, hainbat adarretan banatzen da (Rijn, Lek eta Waal). Rhin ibaiaren ura azkenik, Ipar itsasoan isurtzen da, Rotterdam hiria igaro eta portuko azpiegitura eratu ondoren. v Historia. Kultura asko sortu eta iraungi da Rhin ibaiaren arroan. Burdin Aroan zehar La Tène kulturako herriak bizi izan ziren ibaiaren inguruan. K.a. I. mendean erromatarren erresumaren muga izan zen eta herri germaniarrak iristean (III. m.), gerra ugari izan ziren V. mendea arte. Karlomagnoren garaian, berriz, karolingiar erresumako ezinbesteko ekonomia eta politika ardatz bihurtu zen. Ibaiak duen garrantzia estrategiko handia dela eta, istilu latzak izan ziren azken mendeetan zehar Frantziaren eta Alemaniaren artean, eta bi Mundu Gerretan ere gudu garrantzitsuak gertatu ziren. XIX. mendea arte ez ziren hasi Rhin ibaian ura erregulatzeko lanak; bihurgune ugari zituen batetik, eta maiz geratzen ziren, gainera, urpean ibai inguruko lurrak. Ur-hesi handi sendoak eraiki behar izan ziren. Holandar ingeniariek, halaber, ibaiaren bokalaren ingurua egokitu behar izan zuten XX. mendean Ipar itsasoko urak ibaiaren bokaleraino barnera ez zitezen. Munduko ibaien artean Rhin da, gaur egun, trafiko handiena eta trinkoena duena.