Rhin (Haut-)
Frantziako ipar-ekialde muturreko departamendua [68], Alsaziako lurraldearen hegoaldean, Rhin ibaia tarteko dela, Alemaniarekin muga egiten duena. 3.508 km2 eta 596.633 biztanle. Prefetura hiria, Colmar. Suprefetura hiriak: Altkirch, Guebwiller, Mulhouse, Ribeauvillé eta Thann. Hizkuntzak, alsaziera eta frantsesa. Departamendu menditsua da, Alsaziako ordokiaren gainetik dago. Gailur nagusiak: Guebwiller (1.424 m), Alsazia (1.250m). Sundgau mendialdea dago departamenduaren hegoaldean. Nekazaritza, mea ustiakuntza eta industria dira ekonomia jarduera nagusiak.