Rhône
edo Rodano. Frantziako eta Suitzako ibaia. 812 km luze da (290 km egiten ditu Suitzan, horietatik 72 Leman edo Genevako aintzira zeharkatzeko) eta 97.800 km2-ko ibai-arroa du. Mediterraneoan isurtzen den Europako ibairik garrantzitsuenetakoa da. Izen bereko glaziarrean du iturburua, 1.750 m-ko garaieran, Aar-eko mendialdean, Suitzako erdi-hegoaldeko Alpe mendietan. Mendebalerantz egiten du eta Leman aintziran barneratzen da. Aintzira alderik alde igaro ondoren Frantziako estatuan sartzen da (Rhône-Alpes), Jura mendiak inguratzen ditu eta Saône ibaiaren ura jasotzen du Lyon-go hirian. Hegoalderako norabidea hartzen du puntu horretan eta Alpe aldeko ibaien ura biltzen du (Isère, Durance, Ardèche). Gard eta Vaucluse-ko behe-ordokiak zeharkatzen ditu behe ibilguan eta Arles hirira iritsi baino lehen bi adar nagusitan banatzen da, Mendebaleko Rhône edo Rhône Txikia eta Rhône handia. Marseillako hiriaren mendebalean isurtzen du ura Mediterraneoan, delta zabala eratu ondoren. Lyongo hiritik bokaleraino ontziz ibil daiteke Frantziako gobernuak 1940-1970 urteetan egin zituen bideratze lanei esker. Beste ubide batek Rhône eta Rhin ibaiak lotzen ditu Saônetik Rhineraino luzatzen den ibidearen bidez.