Rembrandt, Harmenszoon van Rijn
Holandar pintorea eta marrazkigilea (Leiden, 1606 - Amsterdam, 1669). Kalbindar baten semea zen, eta Bibliaren eta kultura klasikoaren ezagutza sakona izan zuen gaztetandik. Leidengo unibertsitatea utzi eta Jacob van Swanenburch eta Pieter Lastman pintoreen lantegietan hasi zen ikasten pinturaren nahiz grabatuaren teknikak. Aipatutako bi irakasleak, berriz, Carraci anaien eta Caravaggio pintore handien ikasleak izan ziren eta argi-ilunaren teknika menderatzen zuten; geroago Rembrandt-en lanetan eragin handia izan zuen teknika hark. Amsterdamgo hirian flandestar artearen oparotasunarekin topo egin zuen eta XVI. mendeko holandar eta ingeles maisuez arduratu zen. 1627an Leiden-a itzuli zen eta berezko estiloa eta teknika zehatza erakutsiz, autoerretratu ugari pintatu zituen, garaikoen txaloak merezi izan zituztenak, eta, ondorioz, ikasle ugari izateko egokiera eman ziotenak. Amsterdamen hartu zuen bizilekua betiko 1631n eta arrakasta handia izan zuen hiriko erdi-goi mailako biztanleei erretratuak eginez. Garai hartan pintatu zuen Nicolaes Tulp doktorearen anatomia ikasgaia koadro ospetsua. Saskiavan Uylenburgh andere aberatsarekin ezkondu zen 1634an eta agerian geratu zen pintoreak gizarte nahiz diru mailan izan zuen hobekuntza, emazteari eta bere buruari eginiko erretratuetan ikusten den bezala. Zoritxarreko urteak heldu zitzaizkion ondoren, lehen hiru seme-alabak bizitzako hasierako hilabetetan hil ondoren emaztea bera hil zitzaiolako 1642. urtean. 1641ean izan zuen Titus semea baizik ez zen salbatu. Garai hartan pintatu zuen bere maisu lanik goraipatuena, Frans Banning Cocq kapitainaren eta Willem van Ruytenburch tenientearen konpainia edo Gaueko erronda izenaz ezaguna. Koadro horretan biltzen dira Rembrandt pintorearen ezaugarri nagusiak: pertsonaiak koadroan antolatzeko era, argi eta itzalen teknika zehatza, xehetasunak eta eszena beraren dinamismoa. Erretratu ugari eta erlijio gaiak adierazten zituzten koadroak pintatzeko parada izan zuen emaztearengandik jasotako ondasunari eta Europa guztian zehar zabaldu zen bere pinturaren ospeari esker. Bildumagile eta arte-merkatari bihurtu zen ondoren eta Hendrickje Stoffels gaztearekin izan zituen harremanen ondorioz jaio zen Cornelia, haren alaba (1649). Bere jauregi handiaren ordainketak eta Ingalaterraren aurkako gerraren ondorioz, arte-merkatariaren negozioen gainbehera zirela eta, porrot egin zuen eta etxea saltzeaz gainera, bere obrak nahiz bildutakoak saldu behar izan zituen. Bere bizitzako azken urteetan buru-belarri pintatzeari ekin zion eta mailarik gorena lortu zuen bere pinturak garai hartan. XVIII. mendeko pintore-sortzaile eraginkorrena izan zen eta ondorengo artisten maisu eredugarria. Beste zenbait lan: Autoerretratua Saskiarekin, Isaak-en eskaintza, Hendrickje ohean, Betsabe David-en eskutitzarekin, Erreka batean bainatzen ari den neskatilaren erretratua, Jesus eta emakume samariarra, Jose eta Putifar-en emaztea eta Bataboen konspirazioa.