Rementeria Albistegi, Alberto
Bizkaitar pintorea (Bilbo, 1953). Bilboko Arte Ederretako Goi Eskolan egin zuen prestakuntza (1971-1976), eta ikasle zela egin zuen aurreneko bakarkako erakusketa, 1972an, Barakaldon. 1975ean, Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren beka bat eskuratu zuen, eta, bi urte geroago, 3x13 taldeko kideekin batera erakutsi zituen bere lanak Deustun. Hainbat aldiz aurkeztu izan zituen bere lanak 80ko hamarkadan Arteder Bilboko Arte Garaikidearen azokan. Bere banakako erakusketa gehienak –1982, 96 eta 91n egindakoak, esaterako– Windsor galerian aurkeztu ditu. Orobat Windsor-en bidez erakutsi ditu maiz bere lanak Madrilgo Arco azokan ere. Erakusketa kolektiboei dagokienez, aipagarria da, besteak beste, 1986an Madrilgo Gamarra Garrigues galerian antolatu zen Belaunaldi Berria erakusketa, euskal margolari gazteen lana aurkeztu zuena. Artegintzaren alor ugari landu ditu Rementeriak, besteak beste akuarela, kaltelgintza, ilustrazioa… 1979az geroztik, pintura irakasle da EHUko Arte Ederretako Fakultatean, eta bertan egin zen doktore 1989an. 1988an, Eusko Jaurlaritzak deitutako Gure Artea lehiaketa irabazi zuen, hainbat urtez akzesitak lortu ondoren.