Remizov, Alexei Mijailovitx
Errusiar eleberrigilea (Mosku, 1877 - Paris, 1957). Moskuko unibertsitatean ikasle zelarik bota zuten ikasleek antolatutako istiluetan parte hartzeagatik eta espetxean izan zen aldi batez. 1905ean San Petersburgon hartu zuen bizilekua eta handik gutxira jarri zen harremanetan literaturgintzan zebiltzan idazleekin, sinbolismoaren moldeak jarraitzen zituztenekin, bereziki. Hiriko eta nekazari giroan, folklorean eta alegietan oinarritutako obrak idatzi zituen. Lan nagusiak: Istoriya Ivana Semyonovicha Strailatova (1909, Ivan Semyonovich Strailatov-en historia) eta Slovo o pogibeli zemli Rossii (1921, Errusiako Lurraldeko suntsipenaren kantua). Eragin handia izan zuen 1917. urteko iraultza aurretiko eta ondorengo idazleengan.