Real Sociedad
Gipuzkoar futbol taldea, 1909. urtean sortua. 80ko hamarkadan denboraldi bikainak egin ondoren –bi Liga, Errege Kopa bat eta Superkopa bat irabazi zituen–, 90eko hamarkadan ez zuen maila horretako lorpenik erdietsi, eta lehen mailari eusteko zailtasunak ere izan ditu azken denboraldietan. Hamarkadako emaitzarik onena 97-98 denboraldian lortu zuen talde donostiarrak, hirugarren sailkatuz. Urte horietan, nolanahi ere, aldaketa garrantzitsuak izan zituen talde txuriurdinak: harrobi lanari eutsi arren, jokalari atzerritar ugari fitxatu zituen; Atotxako futbol zelai zaharra utzi eta Anoetako estadioa bilakatu zen taldearen egoitza 1993an –aldaketa horri esker, ia 10.000 bazkide gehiago lortu zituen, 27.000ra helduz–, eta legearen aldaketaz baliatuz Kirol Elkarte Anonimo bilakatu zen. 1992-93 denboralditik 2001. urtea arte Luis Uranga izan zen Real Sociedaden buru, 2001. urtean bazkideek Jose Luis Astiazaran kargurako hautatu zuten arte. 2007tik Espainiako Ligako bigarren mailan ari da jokatzen, eta arazo ekonomiko larriak ditu.