Ray, Satyajit
Indiar zinema zuzendaria, margolaria eta idazlea (Kalkuta, 1921 – Kalkuta, 2003). Indiar zinemak eman duen zinemagilerik bikainenetakoa, mendebaldean gehien ezagutzen dena. Gazterik Londresa joan zen. Indiara itzulirik, Jean Renoir-ekin lanean aritu zen The River (1945, Ibaia ) filmean. Neorrealismoaren eragina izan zuen hasieran. Pather Panchali (1955, Bideko kantua), Aparajito (1957, Garaiezina) eta Apur sansar (1959, Apu-ren mundua) filmek osatutako trilogian Apu izeneko indiar baten bizitza kontatu zuen eta Indiako gizartearen aldaketak eta erlijioaren eta liberalismoaren arteko gatazka adierazi; Cannesen saritua izan zen eta ospe handia izan zuen nazioartean. Haren obra zabala eta estilo aniztasun handikoa da. Banerjee, Tagore eta Ibsen-en lanen bertsioak egin zituen. Beste film batzuk: Jalsaghar (1957, Musikagela), Charulata (1964), Shatranj te Kilhari (1977, Xake jokalariak), Pikoo (1980), Ghare Agantuk (1991, Kanpotarra).